Gaztelania nagusi da hiriko erdiguneko geltokietako iragarkietan
Bagera Euskalzaleen Elkarteak behaketa bat egin du Donostiako erdiguneko kale nagusietan, autobus eta taxi geltokietako iragarkietan zein hizkuntza erabiltzen den jakiteko. Guztira 48 iragarki aztertu dituzte, erakunde publikoenak zein pribatuenak, Bulebarrean, Okendo kalean eta Askatasunaren hiribidean, eta jasotako emaitzen arabera, gaztelania nabarmen gailentzen da horietan.
Hain zuzen, uztailaren 5ean, kontaketaren egunean, 48 iragarkietatik 28 gaztelania hutsean zeuden (%58,33), eta euskarazkoak, berriz, hamabi besterik ez ziren (%25). Soilik lau zeuden elebitan (%8,33), eta horiez gain, hizkuntza edukirik gabeko beste lau iragarki ere identifikatu zituzten.
Arlo pribatuko iragarkiei dagokienez (enpresak eta GKE-ak), 22 iragarkitik, hamalau gaztelaniaz (%63,64) jarri zituztela jakinarazi du Bagerak, euskaraz soilik hiru (%13,64) eta elebitan bakarra (%4,55) jarri zituzten bitartean. Publikoetan, berriz, 26 iragarkitik, hamalau gaztelaniaz zeuden (%53,85), bederatzi euskaraz (%34,62) eta hiru elebitan (%11,54).
Datuekin batera aurkezturiko oharrean, Bagerak azpimarratu du publizitatea “hiriko kaleetako hizkuntza-paisaiako elementu esanguratsu bat” dela, eta ondorioz, hizkuntzen erabileran eragin zuzena duela: “Paisaia horrek transmititu nahi duen mezuaren tratamendu estetiko, formal eta linguistikoek, ikus entzunezko estimulu bat sortzen dute eta zentzumenen bidez, hizkuntzaren pertzepzioan eta hizkuntzarekiko motibazioetan eragina du”.