Kartel osatua aurkeztu du Dantz jaialdiak
Dantz musika elektroniko eta garaikidearen jaialdiak hirugarren edizioan parte hartuko duten talde gehiagoren izenak argitaratu ditu. Ekainaren 4an hemezortzi musikariren izenak zabaldu zituen eta gaur beste hamabirenak. Honenbestez, abuztuaren 29tik 31ra luzatuko den egitarauaren zati nagusia osatuta geratzen da, abuztuaren 29ko beroketa saioa da zehaztea baizik ez litzateke faltako.
Aurten lehen aldiz antolatutako Dantz Point saioen ostean dator aurkezpena. Maiatzean eta ekainean egin ziren ekitaldi hauek, leku bereziak musikaz betetzeko asmoz. Zarauzko malekoiko skate-parkean izan zen lehena eta Urgullen bigarrena.
Jokin Telleria jaialdiaren antolatzailearekin batera kartel osatuaren aurkezpenean egon dira Irene Mariscal, Bellaca ezizenez arituko dena jaialdian, Joven Matarekin batera back to back; Distopia Mutante kolektiboko Jose Manuel Tena; eta THG (Techno House & Groove) kolektiboko Ander Etxeberria, jaialdian Anderetx gisa parte hartuko duena.
Aurreko urteetako edizioetan jaialdiak ildo politikoago bati jarraitu dion arren musika elektronikoaren alderdi estetikoaren bueltan antolatu dute aurtengoa. Horretarako, jaialdiaren baitan abuztuaren 30ean Cinética diskoa aurkeztuko duen Esplendor Geométrico taldearen ikuspegia funtsezkoa izan dela aipatu du Telleriak. Era berean, jaialdian gozatu eta dantzatu ahal izango den musika elektronikoaren askotarikotasuna azpimarratu du.
Aurten ere Tabakalera eta Gazteszena artean gauzatuko da jaialdia. Tabakalerako Patio aretoan, Kutxa Kulturren espazioetan eta Nestor Basterretxea plazan izango dira 00:00ak arteko saioak eta 00:00tatik 06:00ak artekoak, aldiz, Gazteszenan.
Bertako kolektiboak
Inguruko hainbat musikarirekin batera donostialdeko Distopia Mutante eta THG kolektiboek hartuko dute parte jaialdian. Distopia Mutante kolektiboa da larunbat arratsaldean Tabakalerako Kutxa Kultur Klubean izango diren saioen komisarioa. Distopia room izena jarri diote guneari eta gainerako egitarauarekin alderatuz musika elektronikoaren alderik azidoena aztertuko dute, musika eta sailkapen tradizionalekiko haustura bilatuz. Orain dela bi urte eratutako THG kolektibotik Anderetx eta Tuber ariko dira, ostiralean biak.
Gaurtik aurrera erosi ahal izango dira jaialdirako sarrerak, Dantz jaialdiaren eta Donostia Kulturaren webguneetan. Era beran, Donotia Kulturaren ohiko salmenta-puntuetan ere eskura daitezke sarrerak. Uztailaren 16ra arte prezio berezian egongo dira salgai abonuak.
Taldeei buruzko informazio gehigarria ere topa daiteke jaialdiaren webgunean.
Festibala egunez egun
Osteguna, abuztuak 29
Oraindiko ez dute zehaztu beroketa gisa antolatuko duten saioa.
Ostirala, abuztuak 30
Oscar Mulero / Matias Aguayo / Esplendor Geométrico / Kastil / Parallax / Harry Baden / Arcanoid / Jai Tiruriru / Gela / Pizky / Tuber / Anderetx / Magnolia
Larunbata, abuztuak 31
Carista / Overmono / Max Abysmal / Aitor Etxeberria / Reykjavik606 & Inesfera / Telephasycx / Sega Sound Killers / Mario Azurza / Vacuum Exploration / Alvva / Atodamadre / VilaXXX / WLDV / Arctiq / Bellaca B2B Joven Mata