MarraziOak ilustrazio tailerrean izena emateko epea ireki dute
Galtzagorri elkarteak XI. MarraziOak ilustrazio tailerra egingo du irailaren 16tik 20ra bitarte, eta hor izena emateko epea jada zabalik dagoela iragarri dute antolatzaileek. Elena Odriozolak eta Gustavo Puertak gidatuko dute egitasmoa, eta soilik hamar ilustratzailek hartu ahal izango dute parte guztira 35 orduz luzatuko diren saioetan.
Aurtengo tailerrean errezeta-liburuen eta liburu-albumen arteko antzekotasunak landuko dituzte, eta aurreko urteetan ez bezala, saioak ez dituzte Donostiako Komikigunean egingo. Hain zuzen, Igeldoko Undermount elkartean bilduko dira, sukaldea ezinbestekoa izango baitute lan egiteko.
Parte hartzeko interesa duten ilustratzaileek atariko plater baten, plater nagusi baten eta postre baten ilustrazioa bidali beharko dute; kontuan hartuz, betiere, tailerrean prestatzeko moduko platerak izan beharko direla. Ilustratzaileak aukeratzerakoan marrazkiaren kalitatea baloratuko da, eta baita errezetak sortzen duen gosegarria ere.
Izena emateko epea uztailaren 12ra arte mantenduko dute zabalik, eta parte hartzeko baldintza bakarra Euskal Herritarra izatea da. Horrez gain, ordea, Galtzagorriko eta Euskadiko Ilustratzaileen Elkarteko bazkide izatea ere aintzat hartuko dute. Izen ematerako aurkeztu beharreko dokumentazioa esteka honetan kontsultatu daiteke.