Txomineko Arteleku plaza egiteko proiektua idazteko kontratua adjudikatu du udalak
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak gaur adjudikatu dio Joaquin Mula Montseny arkitektoari Txomineko Arteleku plaza egiteko proiektua idazteko kontratua. Txomineko lehen faseko urbanizazioaren parte da proiektua, eta, Eneko Goia alkatearen arabera, auzoko erdigunea eta bizilagunek Ibai parkearekin izango duten lotura izango da.
Goiak azaldu duenez, bi proposamen aurkeztu dira proiektua idazteko, baina Mula Montsenyri adjudikatu diote azkenean. Izan ere, bere proeiktua izan da 2018ko ideia lehiaketarekin eta auzotarrekin egindako prozesu parte-hartzailetik ateratako ondorioekin gehien bat egiten duena. Atsedena hartzeko eta adinekoek ariketa fisikoak egiteko guneak, haurrentzako jolasak, kirol guneak, ur jokoak eta gune estali bat egongo dira plazan. Adjudikazioa 22.990 eurokoa izango da, eta lau hilabeteko epea izango ditu.
Beste adjudikazio batzuk
Txomineko proiektuaz gain, beste hiru proiektu adjudikatu ditu udalak gaur goizean. Alde batetik, hiriko eserlekuen mantenimendu lanak, konponketak eta berriketak egiteko kontratua Montajes Garra SL enpresari adjudikatu diote. Bi urteko iraupena du adjudikazio honek, eta urtebeteko bi luzapen izan ditzake gehienez. 175.000 euroko aurrekontua izango du urte bakoitzeko.
Bestetik, Larratxo pasealekuko 46-56 zenbakien terrazen inpermeabilizazioa eta irisgarritasuna hobetzeko proiektua gauzatzeko kontratua Landa e Imaz SA enpresari adjudikatu dio Tokiko Gobernu Batzordeak. Adjudikazio honek lau hilabeko epea izango du lanak egiteko, eta 154.003 euroko aurrekontua.
Azkenik, Climatizaciones Orio izan da Intxaurrondo Zarategi eta Amara Berri Ferrerias eskoletan eta Abegi Etxean galdarak aldatzeko adjudikazioa jaso duena. Gas naturaleko kondentsazio galdara berriak jarriko dituzte. Lanak egiteko hilabete bateko epea izango du enpresak, eta 177.341 euroko aurrekontua.