Woody Allen: "Ez du inporta zer gertatzen den, ni beti lanean zentratzen naiz"
Bihartik aurrera Donostian grabatuko duen filma aurkeztu du gaur eguerdian Kursaalean Woody Allen zinemagile estatubatuarrak, eta esan du Donostia nola ikusten duen erakutsi nahi diola munduari, New Yorkekin egin zuen moduan.
Bere adopziozko alabak, Dylan Farrowk, umetan Allenen partetik sexu abusuak jasan zituela salatu ondoren, eta Mee Too mugimenduak eraginda, Estatu Batuetan boikot handia izaten ari da zinemagilea. Horren inguruan galdetuta, 83 urte baditu ere, erretiroa hartzea ez duela “inoiz” pentsatu adierazi du Allenek, eta seguru aski “film bat egiten” hilko dela. Izan ere, lanean zentratzen dela eta bere inguruan gertatzen denak ez diola eragiten esan du, eta ez zaiola inoiz axola izan bere “emaztearekin, seme-alabekin eta politikariekin” gertatu dena.
Filma ekoitziko duen Mediapro etxeko Jaume Roures ekoizlearekin eta filmean parte hartuko duten Sergi Lopez, Elena Anaya, Wally Shawn eta Gina Gershon aktoreekin batera egin du agerraldia Allenek. Eneko Goia Donostiako alkatea eta Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusia ere han egon dira, ondoren harrera ofizial eta pribatua egin baitiote udaletxean.
Filmaren inguruko zehaztasun asko eman ez baditu ere, “komedia erromantiko” bat dela adierazi du Allenek, Zinemaldia dela eta, Donostiara iritsi den Estatu Batuetako bikote baten ingurukoa. Rifkin’s Festival da filmaren behin behineko izena, baina seguru aski aldatuko duela esan du Allenek. Zinemagileak azaldu duenez, ez zaio bere etxetik kanpo denbora asko egotea gustatzen, eta horregatik aukeratu du Donostia, hiriko “oroitzapen onak” zituelako. Haren arabera, Zinemaldian izan dituen bizipenetan oinarritutako “giza harremanen inguruko istorio pertsonal bat da filma”. Donostia guztitik grabatuko dutela nabarmendu du Allenek, eta baita inguruko herrietan ere. Horren harira, donostiarrak asko molestatuko ez dituztela azpimarratu du Rouresek.
Prentsaurrekoan egon diren lau aktoreen artean, Shawnek baino ez du lehenago Allenekin lan egin, eta gustuz egiten duela esan du. Gainontzeko hiruen lehen aldia da Allenekin, eta filmean parte hartzeko proposatu zietenean “zalantzarik gabe” baietz esan zutela adierazi dute. Gershonek “amets bat” dela esan du, eta Anayak “zoriontsu” sentitzen dela eta “pribilegio bat ” dela. Berarekin lan egiteko baiezkoa eman aurretik, zinemagileak sexu abusuengatik dituen akusazioak burutik pasa ote zitzaizkien galdetu diete Anayari eta Gershoni, eta biek ezetz esan dute. “Hautatzen ditudan lanen ardura duena ni naiz, eta hau zuzendariarengatik hautatu dute. Emakume gisa eta aktore gisa zorte bat da Woody Allenekin lan egitea”.