Aintzieta Pasealekuko errepidea Txomin berriaren maila berera igoko dute
Txomineneko auzo berriaren lehen faseak aurrera jarraitzen du. Datorren astelehenetik aurrera, Aintzieta pasealekuko errepidearen maila igoko du Donostiako Udalak. Txomin zaharra eta berria altuera berean jartzea du helburu. Lanen ondorioz, pasealekuko trafikoa moztuko dute bi hilabete inguru.
“Gaur egun, desnibela bi metro ingurukoa da auzoko toki batzuetan. Lan hauekin desnibelik ez egotea eta auzo osoa kota berean egotea nahi dugu; hau da, Urumea ibaiaren maila baino gorago, ur-goraldia dagoenean. Hartara, ibilgailuen, bizikleten eta oinezkoen trafikoa desbideratu egin beharko da astelehenetik aurrera, lanak direla eta”, azaldu du Marisol Garmendia Hiri Proiektuetako zinegotziak.
San Bartolomeko lanetako lurrak erabiliko dituzte errepidearen maila igotzeko. Udaletik azaldu dute horregatik utzi zirela lur horiek Loiolako araztegiaren inguruan. “Lanen aurrekontua 1,1 milioi eurokoa da, eta azken boladan beste zenbait urrats egin dira; adibidez, zerbitzuak eta beste batzuk desbideratzea. Oraingoan, betelanak egin behar dira kota igotzeko, eta, ondoren, asfaltatu”, esan du Garmendiak.
Astelehenetik aurrera, Loiolatik datorren trafikoak ezkerrera biratu beharko du garai bateko Goizuetarra taberna zegoen tokian. Horrela, Felisa Martin Bravo hiribidetik edo Kristobaldegi Pasealekutik jo beharko dute, Saturio Burutaran kalean behera egin, eta berriz ere Aintzietara sartu, espetxearen parean.