Amara Berrin prest daude Karmengo jaietarako
Uztailaren 12an, 13an eta 14an ospatuko dituzte Amara Berrin Karmengo jaiak, eta egitaraua aurkeztu dute dagoeneko. Ostiralean, uztailaren 12an, herri dantzak egingo dituzte Gregorio Ordoñez kalean, 18:30ean. Ondoren, 19:30ean, sardina jate herrikoia egingo dute. Larunbatean, hilaren 13an, aperitiboa egingo dute Eibar plazan, 13:00etan, Mamelena elkartearen eskutik. Antolatzaileek jakinarazi dute jaietako hiru egunetan barrakak egongo direla auzoan.
Duela 23 urte sortu zuten Amara Osinaga, eta lehen bizilagunak iritsi eta urtebetera sortu zituzten Amara Berriko Karmengo jaiak, 1996. urtean. Jaiak sortzean uztailaren 16ko eguna hartu zuten oinarri, hango kale gehienek itsasoarekin lotura zutelako, eta horregatik dira Karmengo jaiak. Karmentxu baleak ere jatorri bera du: auzoko kaleen izenetan inspiratuta –hiriko itsas historiarekin lotuta daude– aukeratu zuten balearen sinboloa. Jaietako azken egunean agur esaten diote puxikaz osatutako baleari, goruntz begira eta xanpainarekin topa eginez, zeruan desagertzen den bitartean.