Bretxan baimenik gabeko bi antena jarri dituztela eta udaleko inor jabetu ez dela salatu du Parte Zaharrean Bizik
Bretxako eraberritze proiektuaren enpresa emakidadunak antenak aldebakartasunez jarri zituela azaldu dute auzo elkarteko kideek, eta kutsadura elektromagnetikoak herritarrengan kalteak eragin ditzakeela azpimarratu dute. Antza denez, udalak bizilagunen kexen harira izan zuen antenen berri.
Duela zenbait aste, Parte Zaharreko bizilagunek Bretxako Arraindegi eraikinean bi antena ipini zirela ikusi zuten, udalaren partetik instalazio horien berririk jaso gabe. Hori dela eta, Parte Zaharrean bizik azalpenak eskatu zizkien ordezkari politikoei, eta kontaktu horren harira, elkarteko kideek jakin zuten Bretxako enpresa emakidadunak antenak aldebakartasunez jarri zituela, udala bizilagunen bitartez jabetzen ari baitzen gertatutakoaz.
Herritarrek jarritako salaketa horren ondorioz, bi antenetako bat kendu egin dute dagoeneko, baina eraikinaren aurrealdean kokaturik dagoen besteak bere lekuan jarraitzen du oraindik, udaletik hura kentzeko agindua eman duten arren.
Enpresak aldebakartasun osoz jokatu izana eta udala gertatutakoaz ohartu ez izana gauza “oso larriak” direla nabarmendu dute auzo elkarteko kideek, erakunde publikoak herritarrak babesteko duen eginkizuna bete ez duelako. Hain zuzen, “espazio publikoan eta bizilagunen osasunaren kontura” etekina atera nahi duen enpresaren jarduera herritarrek azaleratu behar izatea “sinesgaitza” dela adierazi dute.
Gainera, antenen igorpen erradioelektrikoa neurtu ostean, horien potentzia behar baino altuagoa zela salatu dute ere Parte Zaharrean Biziko kideek. Hori dela eta, urgentziazko bilera eskatu diote udalari, hurrengo hausnarketak aurkezteko:
- Telefonia antenen instalazioa arautzeko udal ordenantza bat behar da, 2011ko maiatzaren 27ko Europar Kontseiluko 1815. Ebazpena beteko duena. Joan den legealdian, Antenik Ez! taldeak helburu hori betetzeko ahaleginak egin ditu, baina EAJ, PSE-EE eta PPren oposizioarekin egin du topo.
- Parte Zaharrean zenbat telefonia antena dauden jakitea ezinbestekoa da. Halaber, baimenik gabe jarri direnak eta baimena dutenak zein baldintzapean jarri diren argitu beharra dago.
- Auzoaren eta hiriaren mapa radioelektriko bat osatzea atzeraezina da.
- Gogoratu beharra dago egungo Udal Gobernua osatzen duten alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, Europar Kontseiluaren 1815. Ebazpena betetzeko konpromisoa agertu zutela 2013an eginiko adierazpen instituzionalean.
- Ez enpresa emakidadunek, ez bizilagun elkarteek, ezin dezakete udalaren baimenik gabe halako antenarik instalatu. Hiria ezin da “oihan” bat bilakatu, non telefonia konpainiek nahi haina negoziatu ditzaketen euren antenen instalazioak.