Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziaren agerraldia eskatu du EH Bilduk
Belartzako harri pilaketa legez kanpokoa izan zela ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak, eta udal gobernuak emandako baimena legez kanpokoa dela. Hori dela eta, EH Bilduk Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziaren agerraldia eskatu du, asteleheneko Hirigintza batzordean azalpenak eman ditzan eta ardura politikoak argitzeko.
“Azken urteotan Belartzarako aurreikusi diren egitasmoen eta egindako obren inguruan polemika handiak egon dira. Bertan egin nahi duten merkataritza gune handi berriaren aurrean oso kritikoak agertu dira hiriko dendariak, añorgatarrak eta mugimendu ekologista, besteak beste”, azaldu du Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak.
Auzitegi Nagusiaren sententziaren arabera, harriak bota baino lehen zegoen egoera berrezartzeko eskatu dio udalari. “Hau da, han zeuden zuhaitzak, landareak eta abar berrezarri beharko ditu udalak”.