Xabi Alonso Sanseko entrenatzailea da
Ekainean iragarri zuten moduan, Xabi Alonso Realeko jokalari ohia aurkeztu dute Sanseko entrenatzaile gisa datozen bi denboraldietarako, Aitor Zulaika ordezkatuz. Realean, Liverpoolen, Real Madrilen eta Bayern Munichen jokatu ondoren, 2017an erretiroa hartu eta entrenatzaile ikasketak hasi zituen. Iaz Real Madrileko infantilen taldea zuzendu zuen Alonsok, eta aurten Realeko bigarren taldea zuzenduko du. 1999an egin zuen debuta Alonsok talde txuri-urdinarekin, eta 124 partida jokatu zituen. Jokalari gisa, Mundial bat, bi Eurokopa, bi Europako Superkopa, bi Txapeldunen Liga, Liga bat eta hiru Bundesliga irabazi zituen, 2011n, Urrezko Danborra jaso izanaz gain.
Alonsok pozik agertu zen atzoko aurkezpenean: “Oso egun polita eta berezia da niretzat, bizi dudan guztia hemen jaio delako, lehenengo Sansen eta gero lehen taldean. Etxera bueltatzea eta Zubietan egiten ari den proiektu honetan parte hartzea garrantzitsua da niretzat”. Gainera, entrenatzaile moduan zer egiten saiatuko den ere aurreratu du: “Pasioa eduki behar da. Futbola beti izan dut gustoko, baita jokoarekiko pasioa. Hori jokalariei transmitu behar zaie, jokatu eta horretara aurreratu. Gai baldin banaiz jokalariei hori erakusten, urrea daukazu”.
Jokin Aperribai Realeko presidentea harro azaldu zen Alonso Sanseko entrenatzaile izatearekin: “Gaurkoa egunik garrantzitsuenetarikoa da presidente naizenetik. Zu hemen egotea [Alonsori zuzenduz], Sanse zuzentzen hastea, ohorea da guretzat. Lehen taldean gazte asko dago, behetik gehiago datoz eta datorren hamarkadako Reala eraikitzen ari gara. Zure esku dago dakizun guztia erakustea. Erdia erakusten badiezu, Real txapeldun bat izango dugu”.