20. Donostia Hiria belaontzi estropada jokatuko da asteburuan
Bi hamarkada bete ditu Nazioarteko Donostia Hiria belaontzi estropadak. Asteburuan jokatuko da 20. urtez Donostiako Vicente Munilla nabigatzailearen sendiak bere omenez antolatutako estropada. Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jasotzen du probak eta Kantauriko mota honetako estropadarik garrantzitsuenetakoa da.
Aurten ere 40 itsasontzitik gora lehiatuko dira, bi egunez, Kantauriko uretan. Nagusiki IRC eta Osiris motako ontziak arituko dira baina larunbatean EKP motakoak ere arituko direla aurreratu dute. Donostiako, Hondarribiko eta Hendaiako uretan jokatuko dira etapak. Larunbatean izango da lehen irteera eta Hondarribitik Donostiarainokoa egin beharko dute parte hartzaileek. Ondoren, lehen etaparen sari-banaketa ekitaldia egingo dute Miramar Jauregian. Igandeko etapa, aldiz, Kontxako badian jokatuko da. Sari-banaketa orokorra Donostiako Klub Nautikoan izango da, 17:00etan.