Euskal enpresen eta erakundeen robotika erakustaldia
San Telmo Museoak Gure_RBTK erakusketa aurkeztu du, eta irailaren 29ra bitarte ikusi ahal izango da museoaren erakusketa iraunkorreko Industrializazioa atalean –lehen solairuan–. Duela gutxi inauguratutako Hello, Robot erakusketarekin du lotura.
Euskal enpresen eta erakundeen robotika erakustaldia da. Zehazki, HANK, kTBot edo Galtxagorri robotikaren alorrean lan egiten duten euskal enpresa eta erakundeek diseinatutako edo produzitutako robotak dira. Gipuzkoako Industri Ingeniarien Elkargoa eta San Telmo Museoak elkarlanean garatu dute erakusketa.
Erakusketan enpresa edo erakunde hauek hartuko dute parte: Larraioz Elektronika, Tecnalia, iK4-Tekniker, Tecnun/Ceit, Mondragon Unibertsitatea, UPV/EHU, SPIFF STUDIOS eta Gogoa. Inguru hurbilean diseinatutako edo ekoiztutako soluzio teknologikoen erakusketa bat da, ezagutzera ematen duena bertako teknologia gaitasuna hainbat sektoretan. Esaterako, industria, automozioa, eraikuntza, farmazia, elikadura edo osasuna.
Besteak beste, museoan ikusi ahal izango dira mugikortasun urria duten gaixoen errehabilitaziorako exoeskeleto eta gailu robotiko bat, zamak mugitzeko edo zehaztasun handiko operazioak egiteko beso robotiko industrialak, pertsonekin lan eremua partekatzen duen robot kolaboratibo bat beso bikoitza duena, bisita gidatuak egiteko edo materiala garraiatzeko gida-robotak edo erabilera anitzeko dronak.