Iulene Olabarriak saskibaloia utziko du, baina Ibaeta Basketi lotua jarraituko du laguntzaile gisa
Taldean hamasei denboraldiz jokatu ostean, Iulene Olabarria Ibaeta Basketeko jokalariak saskibaloia utziko duela iragarri zuen asteazken arratsaldean eginiko agerraldian. Donostiarra Ibaeta Basketeko jokalari historikoa da, eta hutsune handia utziko du taldean. Atzokoa, ordea, ez zen agur ekitaldi bat izan, Olabarriak eginkizun teknikoetan eta kudeaketan laguntzen jarraituko baitu hemendik aurrera.
Jokalariak ibilbide oparoa izan du 2002-03 denboraldian Azu Muguruzaren agindupean debuta egin zuenetik. Guztira 271 partida jokatu ditu bigarren eta lehenengo mailan eginiko denboraldietan, eta klubaren bi igoeratan presente izan da.
Aieten eginiko prentsaurrekoan, Carmen Muguruza presidentearekin eta Azu Muguruza entrenatzailearekin agertu zen Olabarria, eta urteetan zehar bidelagun izan dituenei esker hitzak bidaltzeaz gain, bere erabakiari buruz ere mintzatu zen: “Ez da erabaki erraza izan, baina une egokian hartu dut. Ongi pentsatu dut eta aro berri bat hastea tokatzen zait”.