Mikel Laboa pasabidea itxiko dute, mantentze lanak direla eta
Loiolako Erribera eta Egiako parkea lotzen dituen Mikel Laboa oinezkoen pasabidea itxiko dute datorren asteko egun batzuetan, mantentze lanak egiteko. Zehazki, produktu desinkrustatzaile bat aplikatuko dute, zurezko zoruan oinezkoak ez irristatzeko produktu bat emango dute, eta pasabideko zokoetan dauden hondakinak kenduko dituzte.
Lan horiek direla eta, pasabidea erabat itxiko dute, produktuek eta egin beharreko lanek oinezkoei trabarik egin ez diezaieten. Pasabidea datorren astelehenean, hilaren 15ean, itxiko dute, goizeko 9:00etan, eta gutxienez, lau lanegunez egongo da hala, betiere eguraldiaren arabera. Horren berri emateko, pasabidearen alde bakoitzean informazio panelak jarri dituztela jakinarazi du udalak.