Udako #Donostiamarket azoka egingo dute asteburuan
Uztailaren 12tik 14ra egingo dute #Donostiamarket hiriko merkataritza azokaren udako edizioa SShops Donostiak eta Ernesto Gasco buru duen Merkataritza Zinegotzigoak antolatuta. Gascoren arabera, “tokiko merkataritza bultzatzea eta salmentak sustatzea” da azokaren helburua.
Azokak irauten duen bitartean, parte hartzen duten saltokiek puxika urdin bat jarriko dute atean, eta euren establezimenduen kanpoan produktuak jarri ahal izango dituzte, herritarrengandik hurbilago egoteko. 250 saltokik hartuko dute parte edizio honetan, eta Donostia Moda Klusterrak gehiago saltzeko aholkuak eman dizkiete.
Aurtengo berritasun nagusia larunbatean eta igandean Alderdi Ederren hogei karpa inguru jarriko dituztela da, Erdialdekoak ez diren saltokiek beraien produktuak han saltzeko aukera izan dezaten. Bestalde, #Donostiamarket-ek Gastropotea antolatu du San Martin Azokan gaurko, merkatari guztiak han biltzeko helburuarekin.