Zinema beltzaren film klasiko bilakatuta
Filmategiak aurreko astean eman zion hasiera urtero Euskadiko Filmategiarekin, Zinemaldiarekin eta Heineken Jazzaldiarekin elkarlanean antolatzen duen Jazzinema zikloari. Aretoa ikuslez gainezka zegoen jazzaren historiako izarra- Ella Fitzgerald- omentzeko, abeslariari buruzko dokumentalaren estrenaldian. Uztailean zehar, jazza eta zinemaren arteko lotura islatzen duten filmak ikusgai izango ditugu Tabakaleran.
Gaur, adibidez, zinema beltzaren film klasiko ospetsuenetariko baten txanda izango da: Orson Welles-ek zuzendu eta antzeztu zuen Touch of Evil filmarena, hain zuzen. Universal Pictures-ek egindako eskakizuna jaso eta erronka onartu bazuen ere, Wellesek bere erara burutu zuen proiektua: bere estilo ukaezina ezarri zuen, filmaren kokalekua aldatu zuen, eta istorioa Whit Mastersonen Badge of Evil eleberrian oinarrituta egon arren, gidoia guztiz berridatzi zuen.
Lehen hiru minutuetako plano sekuentziek zinemaren historian hasiera onenetarikoa duen film bilakatu zuen Touch of evil. Esaterako, Mike Vargas narkotrafikoaren alorreko poliziakidea eta bere emaztea Mexikoko mugara bidean doazela, lehergailu batek eztanda egingo du. Plano izugarri honek ezinbestean behartuko zaitu zailtasun teknikoak imaginatzera eta filma ikusten jarraitzera. Erailketa AEBak eta Mexiko arteko errepidean gertatzen denez, ez dago argi nori dagokion ikerketaren ardura. Horregatik, Vargas polizia mexikarra eta Hank Quinlan AEBetako poliziaburuak elkarlanean aritu beharko dute, norberak bere ikerketa-metodo eta susmoak dituen arren. Elkarren aurkako frogak izateak ere izugarrizko lehia eragingo du bi gizonen artean.
Filmak kalitatezko thriller baten osagai guztiak ditu: mafia taldeak, tiroak, salaketak, atxiloketak, galdeketa gogorrak, froga faltsuak, eta abar. Istorioaren mamia aurreikusteko modukoa bada ere, argazki-zuzendariaren lana erabat da txukuna, eta horregatik da nabarmen. Irudien konposizioa zehatz-mehatz landua dago, eta angelu handiko planoek edo txuri-beltzan filmatua izateak eskaintzen duten kontraste argi-ilunak primerakoak dira giro misteriotsua sortzeko.
Eta hori gutxi balitz, Henry Mancini musika-konpositoreak jazz latinoari keinu eginez sortutako soinu banda dauka maisulan honek. Mancini ospetsua da oso The Pink Panther, Breakfast at Tiffany’s, Days of Wine and Roses edo Two for the Road filmeen soinu banda konposatzeagatik. Kasu honetan berezia da, gainera, filmean zehar musika txertatzeko duen modua, pelikulan agertzen diren objektuen bidez egiten baitu: irratien, bozgorailuen edo musika-tresnen bidez. Ez da inoz offean entzuten.
Thriller konbentzionala izan zitekeena zinema beltzeko film klasiko bilakatu zuen Orson Welles aktore/idazle/zuzendariak, eta ostegun honetan daukagu Tabakaleran pantaila handian ikusteko aukera. Saio berezia izango da, gainera, Zigor Etxebestek, webzine honetako kritikari ohiak, aurkeztuko duelako eta euskaraz azpititulatuta proiektatuko delako. Dudarik gabe, bizitzan behin bakarrik agertuko zaigun aukera!