Arroza onddo eta ahate gibelarekin goxatuta
-Arroza
-Onddoak
-Gurina
-Haragi salda
-Esnegaina
-Ahate gibela
-Aran lehorrak
-Gatz lodia.
PRESTAKETA
Itxura eta zapore bikaineko plater hau prestatzeko, hurrengo pausoak jarraitu behar ditugu. Lehenik arroza egosi eta albo batera utziko dugu. Ondoren, onddoak xerratu eta gurinean salteatuko ditugu. Prest daudenean, haragi salda eta lehen egositako arroza bota dizkiogu, eta esnegain pixka bat gehituta, dena goxatzen utziko dugu, pare bat minutuz. Bitartean, ahate gibela plantxan egin eta aran lehorrak xerratu ditugu. Dena prest edukitzean, arroza platerean jarriko dugu, eta ahatea eta aranak gainean jarriko dizkiogu ondoren. Azkenik, gatz lodia botako diogu. On egin!
Josune eta Arantxa Pagola
“Urtero moldatzen gara tartetxo bat hartu eta Añorgako jaietara jaisteko, nola ez!”
Noiz sortu zen Lukainkategi?
Duela lau hamarkada, gure aita egungo jatetxearen alboko bordan ehiztarientzako hamaiketakoak prestatzen hasi zen. Pixkanaka, ordea, zerbitzua zabaltzen joan zen, eta eraikin hau, baserria zena, jantoki bilakatu zuen.
Urteen buruan, ordea, bere bi alabek hartu zenuten negozioa kudeatzeko ardura.
Duela 22 urte, berrikuntza garrantzitsu bat egin genuen jatetxean, eta geroztik bi ahizpen artean eraman dugu. Lehen soilik asteburuetan irekitzen zenez, guk astean zehar ere menuak eskaintzea erabaki genuen. Horrela hasi ginen, eta, pixkanaka, hazten joan gara, betiko sukaldaritza modu oso landuan eskainiz.
Eskaintza gastronomikoaz gain, bista ere paregabea da hemen.
Terraza beirate batekin itxi genuen, eta jendeak asko eskertzen du jaten duen bitartean halako bistak izatea. Gainera, oso leku lasaian gaude, hiritik bereizita.
Añorgaren goialdean zaudete kokatuta. Jaiak honaino iristen dira?
Bai. Ohiturari jarraitu, jaietako lehenengo egunean oilasko biltzaileak etorri zitzaizkigun dantzan egitera. Guk hamaiketakoa atera ohi diegu, eta giro oso polita sortzen da.
Eta zuek astirik izaten al duzue jaietara jaisteko?
Urtero moldatzen gara tartetxo bat hartu eta jaietara jaisteko, nola ez!
Donostiako zein taberna gomendatuko zenukete?
Egia esateko, Donostiako prezioak gehiegizkoak direla iruditzen zaizkit, eta azkenaldian Orio edo Getaria aldera jotzen dugu gehiago. Baina, bat esatearren, Groseko Xarma gomendatuko genuke. Berritu egin dutenetik ez dugu bisitatu, baina beti joan gara gustura horra zerbait hartzera.