Bisera buruan, motxila bizkarrean, eta euskara ahoan
30 urte bete dituzte Oporretan Euskaraz udaleku irekiek. Udaleko Euskara Zerbitzuak euskararen erabilera eskolatik kanpo sustatzeko asmoarekin sortu zuen egitasmoa, eta Kiriketan enpresako hezitzaileak ditu bidaide helburu hori lortzeko.
Udaren eta eguraldi onaren iritsierarekin batera, ohikoak bilakatu dira gure hiriko kaleetan zehar bisera eta motxila jantzita ibiltzen diren haur taldeak. Udaleku irekiak familia askorentzat aukera paregabea bilakatu dira, oporraldietan umeen zaintza bermatzeko. Hezitzaileekin batera, aisialdiaz gozatzen dute ehunka umek urtero. Joan den uztailaren 1ean hasi ziren Oporretan Euskaraz udaleku irekiak, eta aurten, 30 urte bete dira Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak lehen aldiz antolatu zituenetik. Euskararen erabilera kalean eta eskolatik kanpo sustatzeko asmoarekin sortu zen egitasmoa.
Honela azaldu du Edurne Otamendik, Euskara Zerbitzuko buruak: «Bi hilabetez euskaraz egin eta entzun gabe egoteak galera ekar zezakeen ikasturtean zehar ikasitako euskara mailan, eta udako eskaintzarekin eskolan ikasitakoa indartu eta beste esparru batzuetan ere euskara erabil zitekeela azaleratu nahi zen». Gaur egun hirian giro erdalduna duten familia asko daudela azaldu du Kiriketan enpresako Agurtzane Laboak: «Udalekuek, aisialdian, transmisiorako hain garrantzitsua den hezkuntza ez formal hori modu dibertigarrian gozatzeko aukera eskaintzen saiatzen gara».
1989an Oporretan Euskaraz udaleku irekia abian jarri zenean, 90 haurrek hartu zuten parte eta jasotze edo elkartze puntu bakarra zegoen: Konstituzio plaza. Bigarren urtean lau auzotara zabaldu zen, eta aurrerantzean, pixkanaka-pixkanaka, Donostiako auzo gehienetara hedatu zen eskaintza. «Jasotze puntu bakarretik hamalau izatera pasatu gara», azaldu du Laboak. Une honetan, hamabi auzotan eskaintzen dute udalekua: Aiete, Altza, Amara, Antigua, Bidebieta, Egia, Erdialdea, Gros, Intxaurrondo, Loiolako Erribera, Martutene eta Parte Zaharra.
Kiriketan enpresa arduratzen da hezitzaileen formakuntzaz, eta Laboaren esanetan, auzo bakoitzean auzo horretako hezitzaileak lortzen saiatzen dira, «katea sortzea» oso interesgarria delako. «Izan dira txikitan udalekuan parte hartu duten umeak, gaztetan hezitzaile bihurtu direnak», gaineratu du.
Gakoak
Aisialdia eta hezkuntza ez formaleko esparruak umeen garapenerako gune paregabea dela baieztatu dute antolatzaileek, eta euskararen normalizaziorako lanketaz gain, beste hainbat balio jorratzen dituzte udalekuetan: bizikidetza, ingurumena, hezkidetza, eta abar. Horretarako, Laboak azaldu du jolasa «ezinbesteko tresna» dela: «Jolasa hizkuntza ikasteko eta erabiltzeko bitarteko atsegina eta erakargarria da, eta erabiltzen dugun metodologia erabat dinamikoa eta parte hartzailea da». Berebiziko garrantzia du ere espazio publikoaren erabilerak, izan ere, euskara leku itxietatik ateratzea eta kalean ikusgarri izatea normalizaziorako pauso garrantzitsua da. Era berean, hiriak eskaintzen dituen kultur eta kirol eskaintzak baliatzen dituztela azaldu du Otamendik: museoak, pilota eskola, parkeak, igerilekuak, eta abar.
Egitasmoa auzoetara zabaltzeak programaren helburu nagusietako bat ahalbidetzea eragin du: hiriko haur guztiei parte hartzeko aukera eman, eta berdintasuna bermatzea. «Eskaintza erdigunera mugatuko bagenu, haur askok ez lukete parte hartzeko aukerarik izango», argudiatu du Pozak. Otamendik azaldu du aurten 729 haur dabiltzala, 72 taldetan banatuta. Halaber, ume guztien irisgarritasuna bermatzeko, azken urteetan hainbat egokitzapen egin dituztela kontatu dute: «Haur txikienekin talde txikiagoak egiten ditugu, eta behar bereziak dituzten haurrak dauden taldeetan errefortzuko begiralea jartzen dugu». Aurten, esaterako, hamalau hezitzaile gehiago kontratatu dituzte, behar berezi horiei erantzuteko. Familia bakoitzaren egoera sozioekonomikoa ere kontuan hartzen dute, eta matrikula kuota ezberdinak eskaintzen dituzte, «dirua dela eta, haurrik kanpoan ez geratzeko».
30 urte eta gero, gogotsu jarraitzen dute lanean antolatzaileek, eta eguraldiak uzten badie, hiriko kaleak jolasez, kantuz eta euskaraz beteko dituzte uda honetan ere.