Enbataren aurrean, tinko
Itsasoari begira bizi izan da Donostia bere sorreratik, eta kaia izan da mendez mende arrantzaleen babesleku. Hango biztanleak merkantzia-ontzien, kortsarioen eta egungo laketontzien bizikide izan dira urteetan. Nabarmen aldatu da azken denboran kaia, eta arrantzaren gainbeheraz gain, faktore ugari daude auzunearen itxura eta bizimodua eraldatu dutenak.
Urgull mendiaren magalean dagoen hiruki itxurako portu txikia da Donostiako kaia, arrantza gunea eta aisialdi gunea dituena. XV. mendearen bigarren erdian hasi ziren egun duen itxura ematen. Orduan eraiki zuten Kaiburua (kai muturra) eta parean dauden Kaimingaintxo, Mollaerdia eta Mollaberria nasak. 1976 aldera azken 30 metroak kendu zizkioten Mollaerdiari, eta gaur egun erdian dagoen arren, garai batean kanpokoa zen, harik eta 1860 inguruan Mollaberria egin zuten arte. Harresiaren aldean, aldiz, Lasta plaza dago.
Horien parean, beste kai muturra dago, Kaiarriba, eta, horren paraleloan, Torreko Kaia. Horrela izena zuen, XVIII. mendetik gutxienez, eta Itsas Kontsuletxea izan zen garai batean. Gaur egun, Euskal Itsas Museoaren egoitza da. Pasealeku Berrira doan bidean, arrapala, Aquariuma eta Jacques Cousteau plaza daude.
Mendez mende aldaketa ugari jasan ditu Donostiako kaiaren egiturak, eta azkena, Portaaviones eraikinaren eraberritzea izan da. Donostiako Udalak jakinarazi duenez, hiru erabilera izango ditu eraikin berriak: Euskadiko Kirol Portuak erakundearen bulegoak jarri dituzte han, baita arrantza jarduerarekin lotura duten hainbat soto ere; azkenik, baxurako arrantzaren balioa azpimarratuko duen gunea zabalduko dute, Opeguik [Gipuzkoako Baxurako Arrantzako Ekoizleen Elkarteak] kudeatuko duena, Eusko Jaurlaritzak hala adjudikatuta. Lehen biak martxan daudela azaldu dute.
Nabarmen aldatu da kaiaren paisaia azken denboran, baita bizilagunen egunerokotasuna ere. Beti itsasora begira egon da Donostia, eta kaiaren oinarrian egon izan da arrantza. Arrantza jardueraren gainbehera 2008an hasi zen, krisi finantzarioarekin, eta 2012 urtearen amaieran lonja ixteak aldaketa errematatu zuen. Arrantza jardueraren eteteak kaiaren eraldaketan berebiziko garrantzia izan du, baina azken urteetan espazioaren itxura eta bizimodua eraldatu duten faktore ugari egon dira.
Azken datuen arabera 212 pertsona bizi dira gaur egun kaian, eta horietako asko arrantzale tradizioko aspaldiko familietako oinordekoak dira. Gutxi dira arrantzaren bidea jarraitu dutenak, baina, hala ere, memoria historiko komuna eraiki dute auzotarrek. Egun, Karmengo Ama Arrantzaleen kofradiak lanean jarraitzen du, baxurako arrantzaren alde apustua eginez. Satanas Bi, Berriz Isturiz eta Antiguotarrak ontziak dira jardunean dabiltzan bakarrak, Jokin Guilisagasti kofradiako presidenteak azaldu duenez. Kofradiak garai txarrei aurre egin die, Eusko Jaurlaritzaren onbideratze plan batean parte hartu ostean. Zorrak kitatu dituzte planaren bitartez jasotako diruarekin, eta horren truke, Portaaviones eraikinaren eskumenari uko egin dio kofradiak; 2027. urtera arte zeukaten kontzesioa.
Itsasoari begira
Zalantzarik gabe, hiriko biztanleek eta bisitariek berezitzat duten txokoa da kaia. Donostiar askoren iruditerian dago kaia bor-borka zegoen garaia: kaio-saldo bat badiara karga-karga eginda sartzen ari zen itsasontzi baten gainean, saregileak arkupeetan sareak konpontzen, pixonerak bentan, kaxa-mordoak moila bazterrean pilatuta, arranpa bat-bateko hondartza bihurtzen zuten herritarrak beroari aurre egiten… Kaiaren historia mantentzeko jende ugari dabil lanean, besteak beste, bizilagunak, museoak eta erakundeak. Donostiako Udalak, esaterako, adierazi du kaia «aro berrietara egokitzen den bizitzeko auzoa dela, eta bere izaera ez galtzeko asko laguntzen dutela han bizi diren eta bizi izan ziren arrantzale eta saregile historikoek». «Erakundeoi dagokigu haiekin elkarlanean izpiritu hori mantentzea eta ohitura horiek indartzea eta zaintzen laguntzea», gaineratu dute. Horretarako, Portaaviones eraikineko proiektu berria aproposa dela uste dute, «donostiarrei zein bisitariei historia hobeto ezagutzera emateko». Azpimarratu dute hiriarentzat kaia gune historikoa izan dela, eta hala jarraitzen duela gaur egun ere. «Hori sustatzen jarraitu behar dugu», adierazi dute.
Euskal Itsas Museoak ere kaiko historia eta ohiturak jasotzeko misioa du. Horren erakusle dira argitaratutako hainbat eta hainbat argitalpen, eta antolatzen dituzten erakusketak.
Kaiko oroitzapenak bizirik mantentzen laguntzen duen bizilagunetako bat da Manuel Oliden (Donostia, 1941), arrantzale ohia, eta 29 urtez Donostiako kofradiako presidente izandakoa. Kaian bizi da, jaio zen leku berean, Aita Mariren omenezko eskulturaren alboko etxe batean, hain zuzen. Umoretsu baieztatu du «hankak aurretik» dituela aterako dutela bera kaitik. Aitak baporea zuela azaldu du, eta etxe aurrean amarratuta izaten zuela. Umea zenean sotoan ezkutatzen zen, itsasora joan ahal izateko. «Orduan ez zen ohikoa horren gaztetan itsasora joatea. Komandanteak agiri bat egin zion aitari, ni itsasora joan ahal izateko, baina ofizioa ikasteko baldintzarekin», kontatu du. Beraz, goiz hasi zen Oliden akademian, gaur egun Gipuzkoako Portuen Lurralde Zerbitzua dagoen eraikinean, hain zuzen.
Olidenen ustez, 1970eko hamarkadaren amaiera izan zen arrantza jardueraren aldi oparoenetako bat Donostiako kaian: «Nik ikusi izan ditut 25 itsasontzi inguru Donostiako kaian, eta horietako batzuek 55 litro ur eramaten zituzten biberoetan. Batzuek hondoa jotzen zuten». Portu txikia izanik, askotan ez zen tokirik egoten guztientzat, eta ezin izaten zuten merkantzia guztia Donostiako lonjan saldu. Orduan, beste herri batzuetara joaten ziren, Mutrikura esaterako: «Mutriku zen gure bigarren etxea». Arrantzale ohiaren ustez, arrakastaren arrazoietako bat zen ontzi guztiak baldintza berdinetan lehiatzen zirela. Besteak beste, legatza, bisigua, antxoa eta hegaluzea harrapatzen zituzten, eta kaitik merkantziaz betetako kamioiak ateratzen ziren etengabe, Madrilera, Valentziara eta beste hiri askotara. Iñigo Puerta kazetariak Euskal Itsas Museoak argitaratutako Donostia, itsas hiria liburuan jaso bezala, harrapaketak onak eta salmenta prezioak altuak ziren, «ondorioz, itsasoaren fruituak mokofinek besterik ordaindu ezin zuten altxor gastronomiko irrikatua bihurtzen ziren».
Donostiako kofradian aldaketa garaiak izan ziren. 1977an Oliden hasi zen presidente, eta erakundeek eskaintzen zituzten erraztasunak baliatzen hasi ziren: «Konturatzen hasi ginen diru laguntzak bazeudela, eta Gasteizera gauzak eskatzera joaten baginen, laguntza lortzen genuela». Horrela berreskuratu zuen Donostiako kaiak salmenta-gunea izateko ahalmena, eta arrantzaleentzako azpiegiturak ugaritu egin ziren. Lehen, sotoak Kaiarriban zeudela gogoratu du, eta orduan zentralizatu zituztela denak bentako eremuan.
80ko hamarkadako lehen bosturtekoa ere oparoa izan zela gogoratzen du Olidenek, baina hainbat faktore egonkortasun hori mehatxatzen hasi ziren. Arrazoi nagusia arrantzaren prozesuen automatizazioaren eragina izan zen. Ontzirik modernoenen boterea handitzen joan zen nazioartean, eta horrekin batera, arrantza teknika berriek eragindako kaltea, hala nola, sare pelagikoak, bolantak eta piedra bolak.
Era berean, nazioarteko erakundeek eta arrantza merkatu globalak markatutako erritmo eta arauek euskal arrantzaleei kalte handia egin diela baieztatu du Olidenek, eta alturako arrantza industriala artisauari gailendu zitzaion. Drogek euskal gazteriarengan sekulako kolpea eragin zuten, eta batez ere Donostialdeko gazteengan. Arrantzan egin zuen zuloa nabarmena izan zen. Olidenen ustez erregaien garestitzeak ere kalte egin zien, baina dudarik gabe, errelebo faltak guztiz baldintzatu du euskal arrantzaren etorkizuna.
Garai txarrek komunitatearen batasuna eragiten dute askotan, eta hala izan zen ere arrantzaleen kasuan. «Kostako portu askoren artean laguntasuna estutu egin zen, krisiak hala behartuta», dio Olidenek. Kaiko arrantzaleei dagokionez adierazi du: «Jakina da familien artean lehia zegoela, baina itsasoan, euskaraz hitz egiten genuen baporeen artean, gainerako arrantzaleek esaten genuena uler ez zezaten». Lurrean, berriz, kaiko bizilagunen hizkuntza nagusia euskara zela baieztatu du, baina lonjara erostera etortzen zirenekin gaztelaniaz egin behar izaten zutela aitortu du.
Kaia herritarrentzat
Duela urte batzuk, ikuskizun aparta zen kaitik paseo bat egitea. Karrakela edo izkira kukurutxo bat izkinako postuan erosita, eta txakur txikiaren jolasean (perrita al agua esaten diote gaztelaniaz jolasari) ari ziren gazteen txanpon harrapaketak ikusi ditu edozein donostiarrek, baita bisitari askok ere. Egun, paisaia asko aldatu dela egiaztatu dezake hara joaten den edonork: laketontziek arrantza ontziak ordezkatu dituzte, saregilerik ez dago moilan sareak konpontzen, lonjaren itxura zeharo eraldatu da… Usaia ere ez da garai batean zena.
Olidenen ustez betidanik ibili izan dira turistak kaian, eta garai batean auzotarren topagunea ziren jatetxeak, Pantxika, esaterako, une batean kanpotar dirudunentzat oso erakargarri bilakatu zirela azaldu du. «Eskaintzen zuten arrainaren kalitateak erakarrita etortzen hasi ziren, baina ez zioten kalte egiten auzotarren bizikidetzari», adierazi du.
Kaiaren egunerokotasunean aldaketa argiena lonja itxi zutenean nabaritu zela azaldu dute hainbat bizilagunek, izan ere, arrantzaleen jardunak bizitasuna ematen zion kaiari. Olidenek aitortu du betiko auzotarrek penaz bizi dutela kaiaren eraldaketa, baina onartu du garai berrietara moldatzea ezinbestekoa dela. Urteak dira kaian arrantza itsasontziek eta laketontziek gunea konpartitzen dutela, baina azken urteetan, azkenek lekua irabazi dute.
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak, kirol portuaren aldeko erabaki politikoen ondorioz, kaia «elitizatzen» ari direla salatu du hainbatetan, eta kaia herritarrentzat berreskuratzeko aldarria zabaldu du askotan. Esaterako, joan den ekainean, Kaia herritarrontzat lelopean hirugarren Auzoa Berreskuratu Eguna egin zuten portuan. Parte Zaharreko bederatzi eragilek osaturiko lan mahaiak antolatu zuen, eta hainbat auzotarrek parte hartu zuten. Kaiko arazoak izenburupean bisita gidatua egin zuten, auzunearen izaera arriskuan jartzen ari diren hainbat gai mahai-gaineratzeko. Turistifikazioaren eta elitizazioaren mamua hiri osoaren gainetik hegan dabilela ohartarazi dute, eta kaia ez dagoela salbu.
Bisita gidatua egin ondoren, kaiko arrapalan elkartu ziren hamaiketakoa egiteko, eta jarraian bainu kolektiboa hartu zuten. Haurrek txakur txikiaren ur jolas tradizionala eginez bukatu zuten eguna.
Kaia bainurako gune garrantzitsua izan da portuko bizilagunentzat, baita donostiar askorentzat ere. XX. mendearen hasieran, garai bateko La Jarana auzoaren aldean (etxebizitzak dauden gunea), harmailak zeuden, eta handik jaisten ziren herritarrak uretara. Kendu zituztenean, moilak eta arrapala erabiltzen zituzten bainurako. Olidenen garaian ere, hala zen: «Guztiok batera bainatzen ginen kaian, neskak eta mutilak. Hori bai, jaunartzea egin ondoren, bakoitza bere aldetik joaten zen». Gainera, gogoratu du, emakumeak arropa jantzita sartzen zirela uretara.
Bainatzea, debekatuta
Egun, ohitura mantendu egin dute donostiarrek, baina makina bat traba ere izan dituzte horretarako, isun arriskuak, adibidez. 2013an, lonja itxi ostean, auzo elkarteak bainurako eta ur-jolasetarako guneak egokitzeko eskaera luzatu zien erakunde arduradunei. Hala adierazi zuten: «Betiko arrantza-jarduera itzultzen ez den bitartean, horretarako erabiltzen ziren kaiko guneak herritarron zerbitzura jartzeko eskatzen dugu. Batez ere, bainurako eta ur-jolasetarako erabili daitezela, eta ez daitezela izan gutxi batzuen erabilera pribatu eta esklusiborako baliatu». Era berean, Kaiko pasealekuko hasierako gunea, lehen eskaileratatik Portaaviones ondoko eskailerataraino doana, «itsas-igerileku» gisa baliatzeko proposamena egin zuten. Gaur egun, ez da horrelako gune egokiturik existitzen, eta arrantza ontziak zeuden tokian, pantalanak jarri dituzte.
Gune horren erabilera kritikatu dute ere Karmengo jaietako jai batzordekoek, izan ere, festetan urtero jartzen duten kukaña jolasa egiteko, gero eta leku txikiagoa dutela azaldu dute: «Kaian egin dituzten lanen ondorioz Portaaviones aurreko zonaldera eraman dituzte laketontzi batzuk, eta kukaña egiteko leku txikia gelditzen da».
Karmengo jaiak hiriko festa zaharrenetarikoak dira, eta kaiaren izaera mantentzea da haien helburuetako bat. Gaur hasiko dituzte festak portuan, eta jai batzordekoek jakinarazi dutenez, azken urteetan bezala zailtasunak izan dituzte antolatzeko. Kaiak badu hiriko gainerako auzoekin desberdintasun bat: zonaldea Eusko Jaurlaritzaren eskumena da, eta ez Donostiako Udalarena. Horren ondorioz, zailtasunak ere gehiago izaten dira, gehienbat tasei eta debekuei dagokionean. «Jaiak kaian izate hutsagatik ez genituzke baldintza desberdinak eduki behar», aldarrikatu dute jai batzordekoek. 2004an berreskuratu zituzten jaiak, baina jai batzordekoek nabarmendu dute historia handia dutela atzean, eta, horregatik, modu batera edo bestera, kaia jai gune gisa mantentzearen garrantzia azpimarratu dute.
Azken urteetan jasan behar izan dituzten oztopoen atzean Karmengo jaiak kaitik kanporatzeko borondate politikoa dagoela salatu zuten iaz jai batzordeko kideek: «2017an tasen kontuarekin etorri zitzaizkigun. Modu batera edo bestera oztopatu nahi dituzte jaiak, eta gutxika ari zaizkigu itotzen». Horrela, kaia Donostian gertatzen ari den hiri-ereduen talkaren isla dela diote Parte Zaharreko gazteek: «Turistentzako diseinaturiko kaia nahiago dutela garbi dugu, baina jaiak auzoarenak dira, eta guk tinko jarraituko dugu lanean Karmengo jaiek aurrera egin dezaten». Halaber, jai batzordeko kideek salatu dute guzti hau kaiaren eta orokorrean Donostiaren «pribatizazioaren» beste adibide garbi bat dela.
Eraldaketak eraldaketa, eta trabak traba, kaiak auzo bizia izaten segituko du, horretarako borondatea duten herritarrek zutik jarraitzen duten bitartean. Olidenek gogorarazi du kofradiaren estatutuetan jartzen duena: «Donostian arrantzale bakar bat dagoen bitartean, kaiak bizirik jarraituko du». Enbatak gogor jo arren, ur-txakurrek itsasora ateratzen jarraituko dute. Kaian, aldiz, txakur txikiaren jolasari eutsiko diote, eta kukañaren gainean oreka mantentzen jarraituko dute herritarrek.