Eraso matxisten aurkako kanpaina aurkeztu du Udalak, 'Baietzik gabe ezetza da!' leloari eutsiz
Eraso matxistei aurrea hartu eta aurre egiteko kanpaina bat aurkeztu du Donostiako Udalak. Iazko lelo berari eusten dio aurtengo kanpainak: Baietzik gabe ezetza da! Udaleko Berdintasun Sailak prestatu du eta Eneko Goia alkateak eta Duñike Agirrezabalaga Berdintasun zinegotziak aurkeztu dute.
Iazko Aste Nagusian izandako salaketak hartu ditu gogoan Eneko Goiak udalak zabaldutako prentsa-oharrean eta gizarte osoari egin dio eskaera, “baina bereziki gizonei, eragile aktibo izan behar dugulako ekintza mota horiek gerta ez daitezen ez jaietan ez beste edozein unetan.”
“Adostasun esplizituaren gaian eragiteko oro har gizarte osoaren eta bereziki emakumeen eskaerari erantzun nahi diogu” adierazi du Duñike Agirrezabalagak, 2016ko San Fermin jaietan Iruñean gertatutako talde bortxaketaren sententziaren ondorioetako bat hori dela gaineratuz.
Indarkeria matxistaren prebentzioa eta arreta hobetzea ditu helburutzat kanpainak, neskak eta eta emakumeak ahaldunduz. Aurtengo prebentzio kanpaina Karmengo jaietan hasiko da, asteburu honetan, eta Eguberriak arte iraungo du, Aste Nagusian eta Euskal Jaietan arreta berezia jarrita.
Kanpainaren baitan hainbat neurri hartuko dituzte. Informazioa zabaltzeko helburuarekin hiri osoko postontzietan jardunbide protokoloa banatuko dute, urte osorako informazio erabilgarria daramana. Erasorik edo bortxaketa ahaleginik ikusiz gero egin beharrekoa azaltzeko asmoa du liburuxkak. Era berean, gazteen artean erasoak eta tratu txarrak saihesteko gomendioekin liburuxka espezifikoak banatuko dituzte. Mutilei eraso matxisten aurkako jarrera aktiboa izateko eskatuko zaie.
Bestalde, jaietan informazio puntu bat jarriko dute:
Karmengo jaiak: 12an eta 13an, 20:00-24:00 artean, Kofradiaren aurrean.
Groseko jaiak: 19an eta 20an, 20:00-24:00 artean, Txofreko aparkalekuaren ondoan.
Jazzaldia: egunero, 20:00-22:00 artean, Zurriolako pasealekuan.
Abuztuko larunbatak: 18:00-22:00 artean, Bulebarrean.
Porrontxo Jaiak: irailaren 13an eta 14an, 20:00-24:00 artean, Egian.