Hamabost urtez kukañatik erori gabe
Gaur hasi eta asteartean, uztailaren 16an, amaituko dira Kaiko Karmengo jaiak. Aurten, urte garrantzitsua da auzotarrentzat, izan ere, hamabost urte beteko dira jaiak berreskuratu zituztenetik.
Kaiko karmenak dira hiriko jai zaharrenetakoak. Urtez urte ospatu dituzte kaian, baina 2000. urtean bertan behera geratu ziren antolatzaileen errelebo faltagatik. Lau urtez egon ziren festak ospatu gabe, 2004an Karmengo jaiak portura bueltatu ziren arte. Geroztik, bost egunetan zehar ospatzen dira portuko festak, eta aurten hamabost urte beteko dira berreskuratu zituztenetik. Gaur egingo dute jaien hasierako txupinazoa, baina atzo, dagoeneko, egin zituzten programako lehen jarduerak: kukaña jaitsiera, eta muntaketa. Amara Berrin ere, itsasotik urrun egonagatik, Karmengo jaiak ospatuko dituzte, eta sardina jana herrikoia izango da festetako jarduera garrantzitsuena.
Kaiko jai batzordekoek adierazi dute auzotarrak «oso gogotsu» daudela, eta kalean ilusioa antzematen dela. Hamabost urte ez dira egunero betetzen, eta horregatik, gauza bereziak prestatu dituzte aurten kaikoek. Esaterako, gaur emango diete hasiera ofiziala jaiei, 20:00etan, eta txupina botako dute Orixe ikastolako ordezkariek. «Orixek aurten 50 urte bete dituenez, hori ere ospatu nahi genuen», azaldu dute jai batzordekoek. Gainera, asteartean, uztailaren 16an, «Orixetarron bazkaria» egingo dute, Orixeko ikasle, ikasle ohi, langile eta gainerakoak elkartzeko asmoz. Ondoren, 16:30ean erromeria egingo dute, eta eskolako Oraitz pandero-irakasleak girotuko du dantzaldia. 19:00etan hamabost urteak ospatzeko brindisa egingo dute, eta argazki erakusketa bat jarriko dute kaian, azken urteetako irudiekin.
Jai batzordeko kideek azaldu dute egitaraueko jarduera asko egonkortuta daudela jaietan, eta auzotarren parte hartze handia nabarmendu dute. Era berean, aurten hainbat berritasun egongo direla azaldu dute. Kaiko jaietan ezinbestekoa den kukaña egingo dute egunero, eta asteartean, berezia egingo dute: parte hartzaileei mozorrotuta joateko deia luzatu dute jai batzordekoek. Bestetik, «gazte egitaraua» prestatu dute aurten jai batzordeak eta Kijera gaztetxeak: «Gazte eguna egiten dugu urtero jaietan, baina aurten gazte egitarau osoa antolatu dugu».
Jaia eta izerdia
Hamabost urte hauetan zehar lan asko egin behar izan dute auzotarrek, jaiak aurrera eramateko. Gainerako auzoetan ez bezala, kaiaren eskumena Eusko Jaurlaritzarena da, eta jai batzordekoek salatu dute «gero eta traba» gehiago jartzen dizkietela jaiak egin ahal izateko. «Ez dizkigute baimenak kolpez kentzen, ez zaielako talka interesatzen; beraien estrategia muga txikiak jartzea da, gutxinaka-gutxinaka gu itotzeko, baina ez dute lortuko».
EGITARAUA
Ostirala, uztailak 12 – Gazte eguna
9:00 Muntaketa
14:30 Gazte bazkaria kaian (12 euro)
16:30 Kalejira aldarrikatzailea
17:00 Korkonada
18:00 Poteoa musikarekin
19:30 Buruhandi eta erraldoiak Zuloagako Orixetik
20:00 Txupinazoa Orixe ikastolaren eskutik eta txaranga
20:00 Txokolate jana
20:00 Sardina jana
20:30 Eraso sexisten aurkako auzo argazkia
22:00 Zezensuzkoa
22:30 Kontzertuak: Yakovlev 42, Brigade Loco eta The Bobby’s
Larunbata, uztailak 13
11:00 Haurrentzat eskulanak
12:00 Kalejira buruhandi eta erraldoiekin
12:00 Pilota txapelketa Trinitate plazan
14:30 Bazkari herrikoia
16:30 Haurrentzat jolasak Kijera gaztetxearen eskutik, eta sorpresa koloretsua
17:00 Kukaña
17:30 Mus txapelketa
18:00 Helduen danborrada
19:30 Buruhandi eta errealdoiekin kalejira
20:00 Txokolate jana
20:00 Sardina jana
21:00 Kontzertua Kijera gaztetxean: Gatazka
22:00 Zezensuzkoa
23:30 Kontzertua: Fan&Go
Igandea, uztailak 14
08:00 Diana
10:00 Aita Mariri ohorezko kontrapasa eta lore eskaintza
12:00 Muxikoak
12:15 Donostiako Udalaren Txistulari baldearen kontzertua kaiko elizan
12:00 Sagardo eta gazta dastaketa
13:00 Tortilla txapelketa
17:00 Kukaña
17:00 Mojito txapelketa
17:30 Mojito festa
19:30 Txaranga
21:00 Kontzertua: Andoni
22:30 Kontzertua: Kilimak
00:00 Tiktara
Astelehena, uztailak 15
10:00 Kale Lagunak kirolak kaian
12:00 Buruhandi eta erraldoien kalejira
17:00 Kukaña
17:00 Ospa fest
17:30 Xakea
18:00 Haur danborrada
19:00 Barrene herrikoia Trinitate plazan
20:00 Sardina jana
20:30 Kontzertuak: La Jodedera, DJ Natural Killer eta HDLM DJ Porrus
Asteartea, uztailak 16
11:00 Aitona-amonei bisita buruhandi eta erraldoiekin, eta ondoren, bertso poteoa
12:30 Bertso poteoa Zahar etxetik abiatuta
13:00 Pintxo lehiaketa
14:00 Orixetarron bazkaria (ekarri etxetik bazkaria!)
15:30 Sorpresa
16:30 Erromeria Oraitzen eskutik
16:30 Pilota txapelketa Trinitate plazan
17:30 Kukaña mozorrotuta
18:00 Argazki erakusketa
19:00 Argazki erakusketa
19:00 Brindisa
19:00 Txokolate jana
19:30 Txaranga
20:00 Sardina jana
21:30 Laiotz
00:00 Amaierako traka