"Hiriko oholtza gehienak tabernak dira, eta, kontzertuetan, badira barrari agertokiari baino arreta handiagoa jartzen diotenak"
Urtetan zehar hiriko kaleetan kantuan ibili ohi izan den artista da Urko Menaia. Grosekoa da, eta herritarrek azkenaldian bere gitarra gutxi ikusi duten arren, bere sormena lantzen jarraitu du abesti berriak konposatzen.
Joan den asteko bermutean, Urko abeslariak aipatu egin zintuen, zure musika oso gustuko duelako.
Eskertzekoa da. Niretzat, erabateko ohorea da Urkorengandik hitz horiek jasotzea. Pertsonalki ez dut asko ezagutu, baina kalean jotzen aritu naizen batzuetan hurbildu izan zait, eta diskoak ere oparitu dizkit.
Behin berez zuretzako zen sari bat berari eman ziotela aitortu zuen.
A bai? Ba hori ez nekien! Agian esango zidan zerbait kalean topo egin genuen horietako batean, posible da, baina bueno, argitu beharko dugu!
Askotan nahasten zaituztete?
Behin edo behin, bai. Niri buruzko albisteren batean bere argazkia argitaratu izan dute, adibidez.
Telefonoz hitz egin genuenean, azkenaldian musikaren kontua albo batera utzi duzula esan zenidan. Zergatik?
Azken bolada honetan, musikari dagokionez, nahiko geldi nabilelako. Burua beste gauza batzuetan eduki dut azken hilabeteetan. Hurrengo astean Lazkaoko barnetegi batean hasiko naiz lanean, irakasle gisa, eta aurretik plastikako irakasle modura ere ibili naiz ikasturtean zehar. Gainera, oposizioak prestatzen ari naiz…
Eta horrek denborarik gabe uzten zaitu, ezta?
Denbora faltagatik baino, bolada kontuagatik dela esango nuke. Uste dut edozein momentutan berriro hasiko naizela musikarekin. Kanta asko dauzkat konposatuta eta argitaratu gabe, eta uneren batean horrekin jarriko naiz. Hori garbi daukat.
Musika zuretzat beharrezkoa dela esan zenuen elkarrizketa batean.
Bai, noski. Etxean nagoenean jotzen jarraitzen dut, baina musikarena boladen arabera aldatzen den zerbait da hala ere.
Zer da musikaren mundutik gutxien atsegin duzuna?
Ez daukat oso argi. Agian musika estilo batzuek gauzak zailagoak dituztela beste batzuek baino. Kantu lasaiak jotzeko, esaterako, une egokia topatu behar duzu, oso gizarte mugituan bizi garelako eta jende gehiena beste gauza batzuk entzutera ohitu dutelako.
Musikaren industriak gauza batzuk sustatzen ditu, eta beste batzuk ez.
Industriak bere produktuak sortzen ditu, eta horiek indartzen saiatzen da. Kuriosoa iruditzen zait beste herrialdeetan ezagunak diren edo hedabideetan ateratzen diren artistak hirira etortzen direnean, aretoak bete egiten dituztela, hor dagoen publikoaren gehiengoak bere abesti bat edo bi besterik entzun ez dituen arren.
Irizpide propioa falta zaigu?
Bai, eta ziur nago zinemarekin eta literaturarekin errepikatzen den errealitate bat dela. Musikari dagokionez, ordea, beste arazo bat dugu hemen: ostalaritzari oso lotuta dagoela.
Zein zentzutan?
Hiriko oholtza gehienak tabernak dira, eta jotzen duzun bitartean jendea jaten edo edaten egoten da, eta ez horrenbeste entzuten. Hori horrela da. Eta muga hori gainditu eta entzulearengana iristea oso zaila da, niretzat behintzat.
Eta zer lortzen da muga hori gainditzen denean?
Musikariaren eta entzulearen arteko komunikazio bat sortzen da. Hartu-eman bat, biek jasotzen dutelako zerbait. Eta hori gertatzen denean, segituan sentitzen duzu.
Kontzertuetan, ordea, badira barrari agertokiari baino arreta handiagoa jartzen diotenak, eta horrek jotzen ari dena fondoko musikan bihurtzen du. Hori ez da gauza txarra, luxu bat izan daiteke, baina artistontzat ez da onena.
Zuk kalean jo izan duzu askotan. Zein abantailak ditu horrek?
Udalak edo poliziak arazorik jartzen ez dizun artean, askoz errazagoa da kalean jotzea oholtza batean baino. Izan ere, teknikoki oso gauza sinplea da, anplifikadore batekin behar duzun guztia daukazulako.
Eta publikoaren aldetik?
Ba, agian zure kontzertuetara ez doan jendearengana iristen laguntzen dizula, kalean gustu eta adin guztietako jendea dagoelako. Batzuetan norbait gelditzen da entzuten, eta denbora gutxian jende gehiago batzen zaio, multzo bat egin eta kalea antzoki bihurtzen duten arte.
Zailtasun askorekin egin duzu topo kalean jotzerako orduan?
Gero eta zailagoa da. Azken urteetan ordenantza ez da aldatu, baina agintarien jarrera bai. Ordenantza asko daude, baina batzuk bete egiten dira eta beste batzuk ez hainbeste. Alegia, arau baten aurrean, irizpide humanoen arabera jokatu dezakezu, edo erabat zorrotza izan.
Lehen gizatasun gehiagorekin jokatzen zen. Kalterik egiten ez bazenuen eta jendea gustura bazegoen, baimenik ez edukitzea ez zen horren gauza larria. Orain, ordea, hori ez da gertatzen, eta urtean soilik hamabost egunetan jotzeko aukera ematen dizute.
Gainera, gaur egungo udaltzain gazteek pelikula asko ikusi dituztela iruditzen zait. Lehen, poliziarekin ulertzeko modua zenuen, baina, orain, badira euren burua Robocop modura ikusten duten udaltzainak.
Urkoz eta poliziaz gain, hurbildu al zaizu inoiz espero ez zenuen norbait kalean jotzen ari zinean?
Behin Joxe Austin Arrieta hurbildu zitzaidan, une horretan abesten ari nintzen letra berea zela esatera. Momentuan ez nuen ezagutu, eta poz handia eman zidan. Kalean zaudenean ez dakizu nor egon daitekeen zuri entzuten.
Nola ikusten duzu hiriko musika ren panorama?
Donostia betidanik izan da hiri nahiko musikazalea, eta artista asko atera dira hemendik. Hirian azken urteetan sortutako hainbat talde gertutik jarraitzen ditut.
Eta Urko Menaiaren jarraitzaileentzat, noizko hurrengo diskoa?
Ez dakit noiz izango den, baina laster helduko da. Esan bezala, kanta batzuk konposatu ditut, baina pixkanaka noa.
Zergatik aukeratu duzu Monpas taberna?
Grosen bizi naiz eta askotan etortzen naiz Saguesera. Oraindik gutxi ukitu den zonaldea dela iruditzen zait, eta lasai egoteko aukera ematen dit. Gainera, taberna honetako tortilla pintxoak bikainak dira!
HAMABIETAN BERMUTA. Tortilla pintxoa eta ebakia izotzekin.
Non. Monpas taberna (Gros).
Prezioa: 3,15 euro.