Mentxu Gal margolariaren lana erakutsiko dute Koldo Mitxelenan
Mentxu Gal (Irun, 1919ko urtarrilaren 7a – 2008ko martxoaren 12a) jaio zenetik mendea bete da aurten. Urteurrenaren harira margolari irundarraren lana erakutsiko dute Koldo Mitxelenako Ganbara aretoan. Uztailaren 17an inauguratuko dute Mentxu Gal. Margotzeko bizi, bizitzen margotu erakusketa, iluntzeko 19:30ean, eta irailaren 28a arte bisitatu ahal izango da.
Lehenago ere ikusi ahal izan dira Galen lanak Donostian, bertan bi erakusketa antologiko egin baitzituen, 1986an eta 1992an, eta gaur egun ere, hainbat lekutan daude ikusgai bere margolanetako batzuk: Irungo Mentxu Gal aretoan, San Telmo Museoan, Kutxaren bilduman, Bilboko Arte Ederretako Museoan eta Madrilgo Sofia Erregina Museoan, besteak beste.
Hona hemen Edorta Kortadi arte-kritikariak Gali buruz esandakoa: “Nola arnastu, hala margotzen zuen Menchu Galek: sakon, egoki eta azkar. Amédée Ozenfanten, Daniel Vázquez Díazen eta Benjamín Palenciaren dizipulu izana, Vallecaseko Eskolara atxikia eta Euskal Herrian lotura ugari izandakoa, Aurelio Arteta eta Montes Iturrioz tarteko. Kubismoaren eta espresionismo fauvistaren eragina jasotakoa, Nafarroako, Euskadiko eta Gaztelako paisaiak, erretratuak eta natura hilak dira haren obraren ardatza; Mentxu kolorearen emozioa eta poza da, eta XX. mendeko emakumezko margolari esanguratsuenetako bat María Blanchardekin, Carme Laffontekin eta Maruja Mallorekin batera”.
Amarako parke batek margolariaren izena darama bere omenez. Urtarrilean egin zuen IRUTXULOKO HITZAk parke horri buruzko atzera begirakoa.