Txikijazzak lau egun iraungo ditu aurtengo Jazzaldian
Zazpigarrenez egingo dute aurten Donostiako Jazzaldiaren barruko Txikijazza, eta lau egunez egingo dute aurten, uztailaren 25etik 28ra, hain justu. 12:00etatik 14:00etara izango dira familiei zuzendutako doako emanaldiak, Kursaaleko terrazetan eta Tabakalerako laugarren solairuan.
Dan Barrett Classic Jazz All Stars, Broken Brothers Brass Band, Makala & Jimmy Bidaurreta: Descarga Libre Seikotea eta Txikijazz Big Band taldeak izango dira joko dutenak. Azken hau 10 eta 14 urte arteko haurrek osatzen duten talde bat da, aurten lau urte betetzen dituena. Beraz, lehenengo urtean 10 urterekin hasi ziren taldekide batzuek banda utziko dute aurten, lau urtez bandan musikari gisa hazi den lehen belaunaldia izanik.
Kontzertuetaz gain, musika modu didaktikoan publiko berriari erakartzeko jarduera plastikoak egingo dituzte, euskaraz, frantsesez eta ingelesez, Lacunza akademiaren eskutik. Dantzarentzako lekua ere egongo da, Larraitz Ugartemendia dantzariak 5-8 eta 9-12 urte arteko umeei zuzendutako klake ikastaroak emango baititu hilaren 26an eta 27an, Tabakalerako Gelak aretoetan. 16 plaza izango ditu talde bakoitzak eta Txikijazzaren webgunean eman daiteke izena. Bestalde, Trakamatraka sormen-ikuskizun musikala ere egongo da, musika tresnak sortzeko ikastaro batekin eta Trakamatraka taldearen kontzertu batekin. Egitarau osoa hemen kontsultatu daiteke.