Mariano Ferrer kazetari donostiarra hil da
Hileta-ekitaldi zibila asteartean egingo da, 19:30ean, Egiako parkeko Mandasko Dukearen jauregian.
Mariano Ferrer kazetari donostiarra zendu da, 79 urte zituela. Egin egunkariaren sortzaileetakoa izan zen, eta Herri Irratiari esker egin zen ezaguna. Iaz Euskaraldian parte hartu zuen, eta Donostiako hamaikakoaren kideetako bat izan zen. Horren harira, Ferrer elkarrizketatu zuen IRUTXULOKO HITZAk.
Apaizgaitegian ikasketak egin eta Jesusen Konpainian sartu zen. 1965ean Filosofia eta Letrak eta Kazetaritza ikasketak egin zituen Madrilen (Espainia). Teologia ikasten ibili zen Chicagon (AEBak), eta 1985ean Zuzenbidea ikasi zuen EHUn.
Donostiara itzuli zenean Herri Irratiko zuzendariordea izan zen 1971 eta 1977 artean. Frankismo garaian, adierazpen askatasunaren erreferente bihurtu zen egunkarietako berrien gainean egindako irakurketa kritikoei esker.
1977an Egin egunkariaren sortzaileetakoa izan zen, eta lehendabiziko zuzendaria. Herri Irratian El kiosko de la Rosi programaren gidari izan zen hainbat urtez, eta El Mundo egunkarian ere aritu zen. Erretreta, berriz, 2004an hartu zuen, baina kazetaritzari lotuta jarraitu zuen hainbat hedabideetan kolaborazioak eginez.
Politikari dagokionez, Elkarri gizarte mugimenduan parte hartu zuen eta 18/98+ plataforman. Euskararen alorrean ere, ekarpena egin zuen iazko Euskaraldian.