Esklerosi anizkoitza duten pertsonen alde busti dira
Hainbat herritarrek bat egin zuten atzo esklerosi anizkoitza dutenen aldeko Busti Zaitez kanpainarekin, Kontxako hondartzan. Eneko Goia alkateak, Aitziber San Roman Gizarte Ekintzako zinegotziak eta Gipuzkoako Aldundiko zein Eusko Jaurlaritzako hainbat ordezkariek ere parte hartu zuten.
Euskadiko Esklerosi Anizkoitza elkarteak antolatzen du urtero kanpaina, gaixotasunari ikusgarritasuna emateko. Euskal Herriko hondartza eta piszina hainbatetan egin zuten aldarria, normalean bezala.
EAEn 2.860 pertsonek dute gaixotasuna; 100.000 biztanleko 120 kasu daude. Jaurlaritzako Osasun sailak milioi bat euro inguru bideratzen ditu gaixotasunaren inguruko ikerketak egiteko. Bioaraba, Biocruces eta Biodonostia dira horretaz arduratzen direnak, besteak beste.