Donosti Cupen aritutako bi adingaberen bila dabiltza
Ertzaintza Sierra Leonako bi adingaberen bila dabil. 14 urte dituzte mutikoek, eta hilaren 13tik daude desagertuta. Lotan zeuden Antiguako Villa Alaidi egoitzatik ihes egin zuten larunbat goizaldean, leiho batetik.
Desagertutako mutikoak Donosti Cup futbol txapelketan lehiatzera etorri ziren Diamond Child taldearekin, baina etxera itzuli behar zirenean, hilaren 13an, falta zirela ohartu zen Anthony Seydu taldeko arduraduna. Gainerako taldekideak larunbatean itzuli ziren Freetown hiriburura.
Hori horrela, Seyduk desagertze salaketa aurkeztu zuen egun horretan bertan Ertzaintzaren komisaldegi batean. Diamond Child School of Arts and Culture gobernuz kanpoko erakundeak bultzatuko taldea da Sierra Leonakoa. Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketa batean, “lur jota” azaldu da Seydu. “Lehen aldia da Sierra Leonako ordezkaritza bat hona ekartzea lortzen duguna, asko kostata, gainera”.
Seyduren ustez, topatuko zutena jakitun izan gabe ihes egin zuten adingabeek: diru gabe, hizkuntza ezagutu gabe, aldean zuten arroparekin… Bi mutikoak lehenbailehen eta onik aurkitu nahiko lituzke gobernuz kanpoko erakunde horretako arduradunak, eta horren ildoan, laguntza eskatu du.