Kontxako pasealekuan gaizki aparkatuta dauden bizikletak erretiratzen hasi dira
Donostiako Udalak hondartzetan bizikletak aparkatzeko plaza gehiago jarri dituen arren, erabiltzaile kopurua handiagoa da. Horrela, iaz bezala, araudia betetzen ez duten bizikletak erretiratzen hasi da udala Udaltzaingoaren Mugikortasun agenteen bitartez. Atzo, Kontxako pasealekutik hainbat bizikleta garabiz Udal Gordailura eraman zituzten. Hainbat herritarrek kexa agertu dute sare sozialetan.
Donostiako Udaleko trafiko agenteak Kontxako pasealekuan aparkatuta dauden bizikletak hartu eta garabiz depositora eramaten. Aparkalekurik libre ez. Hau da sustatu nahi duzuen hiri mugikortasuna? pic.twitter.com/oV8QlCzDTJ
— Ana Iruretagoyena (@iruretagoyenaa) July 16, 2019
Bizikleta berreskuratu nahi dutenek udalaren webgunean topatuko dituzte jarraibideak. Ibilgailuen Udal Gordailura joan behar da, Morlansko Leire plazan dagoena –Morlans pasealekua 7.–. Han identifikatu ondoren, eta bizikletaren jabetza egiaztatzean udal garabiaren tasa eta isuna ordaindu behar da. Informazio zehatzagoa topa daiteke helbide honetan.