Kote Cabezudoren aurkako auziari ikusgarritasuna emateko elkarretaratzea egingo dute ostiralean
Kote Cabezudo argazkilari donostiarraren aurkako auziaren instrukzioa itxi du Donostiako 4. Instrukzio Epaitegiak, akusatuari 47 delitu egotziz. Auziaren hurrengo faseei begira kasuari ikusgarritasun gehiago emateko asmoz, Kote Cabezudok Erasotuontzat Justizia plataformak eta Bidasoaldeko Elkarte Feministak elkarretaratzea deitu dute ostiralerako.
Donostiako epaitegien aurreko Teresa de Calcuta plazan bilduko dira, 9:30ean, eraikin barruan garatuko den sesioarekin kointzidituz. Hain zuzen, Cabezudo epailearen aurretik pasa beharko da egun horretan, ikerketaren parte izango diren adierazpenak egiteko.
Epaileak egozten dizkion gainerako delituak ondorengoak dira: zortzi kasutan adingabeen galaraztea, hamahirutan intimitate urratzeak, hamazazpitan iruzurra eta bostetan osotasun moralaren kontrako delitua.
Kasuaren oihartzuna areagotze aldera, biktimen aldeko plataformek ostiraleko elkarretaratzera batzeko deialdia luzatu diete herritarrei, eta baita Donostiako Udalari ere, mobilizazioetan parte hartuz “duela urtebeteko deklarazio ofizialean zabaldutakoa bete dezan”.
Zabalduriko oharrean, Bidasoaldeko Elkarte Feministako eta Kote Cabezudok Erasotuontzat Justizia plataformako kideek eskerrak eman dizkiete “sei urte izugarrietan” zehar babesa eman dieten lagunei, eta euren kezka adierazi dute auzian zehar alboz utzitako delitu eta arduradunengatik, eta baita sistema judizialaren eraginkortasun ezagatik ere:
Hainbat jendearen ekiteari esker, 47 delitu leporatzen zaizkio, guztiek beste delitu bat zutela helburu komuna: gazteen abusua. Ez da ahaztu behar frogatutako bortxaketa larrienak alboratuta gelditu direla, Kote Cabezudok berak egindako bortxaketa kontaezinak, 12 urteko umeei egindakoak ere, eta beste ospetsuek egindakoak ere. Sistema judizial honek baztertzen dituen kasu kontaezin daude, bere legeak preskribatuta daudela dio. Beste batzuk ere, haien frogak segurtasun indarrek suntsituak. Badago delituak pertsegitzeko eginbeharra jarraitzen ez zituen epailea ere, baztertua eta bere nagusiek barkatua. Salatzaileak susmagarritzat tratatu zituena, jarraitu, zelatatu, haien abokatua eraso; salatzaileen nortasuna erasotzaileari erraztu ziona, honek salatzaileak beldurtu zitzan, epaiketa oztopatuz. Ezin ahaztu salaketen suntsiketa zigorgabea, espainiar justiziaren gorenen esku. Kote Cabezudok eskaintzen zuen horretaz baliatzen ziren ospetsuak ezkutatzeak arrasto latza utzi du, irregulartasunen aurrean, nor bere kordean edo ez, erantzun duzuen guztiei esker.
Kote Cabezudok Erasotuontzat Justizia plataforma eta Bidasoaldeko Elkarte Feminista