"Pelikula oso ona baldin bada eta hiria asko eta eder agertzen baldin bada eragina izango du, jakina"
Woody Allenen Donostiako filmaketaren inguruko erreportajea argitaratuko du IRUTXULOKO HITZAk ostiraleko astekarian. Gaiaz duten iritzia eman du hainbat zinemagile, aditu, kazetari eta aktorek.
Zer iritzi duzu egin zitzaion harreraz?
Kanpotik ikusita badirudi Bienvenido Mr Marshall moduko bat dela, denak gala onenak janzten eta harrera beroa ematen. Era berean, normala izan daiteke, bizirik dagoen zinegile karismatikoenetako bat baita. Maisulan ugari ditu eta kultura arloko pertsona ikonikoa da. Pentsatzen dut logika horren barruan sartzen dela halako harrerak egitea. Ez dakit, egia esan. Politikarien kontuak dira.
Asko puztu da berria?
Den figurarengatik medioetan gehiago azaltzen da: Kontxan filmatuko duela edo kaian edo San Juanen… Bueno, guk leku horietan guztietan filmatu dugu eta ez da inoiz ezer pasa. Notizia egitea ere bada, eta zentzu batean logikoa iruditzen zait zeren jendeak kuriositatea izango du.
Nolako eragina izango du hirian?
Gauza asko hartu behar dira kontuan. Pelikula oso ona baldin bada, hiriaren izena tituluan baldin badago, hiria asko azaltzen baldin bada eta eder, horrek eragina izango du, jakina. Ez baldin bada tituluan hiria aipatzen, pelikulan ere aipamen gutxi baldin badaude, hiria fondoan bakarrik ikusten baldin bada, oso zentratua baldin badago aktoreetan eta pelikula oso txarra baldin bada, ez du izango.
Bere aurkako salaketak kontuan hartzen dira?
Nik zentzu horretan ez dakit, zinemagile moduan hitz egin dezaket eta zinemagile gisa aparta iruditzen zait. Bere familiaren parte batek salatu zuen, baina kontua da ez zutela epaitu, eta nik ez dut gehiegi irakurri ezta sakondu ere horren inguruan. Beldurra ematen dit iritzia emateak ez baitut iritzi argirik.