Adineko pertsonentzako ariketa zirkuitua estreinatu dute Egian
Egiako Blas de Otero plazan jarri da zirkuitua, Egiatarra Zahar-Etxearen gainean. Egonkortasuna eta esfortzu kognitiboa hobetzeko prestatutako ibilbideak ditu zirkuituak. Erretiratuen klubetako kideek kudeatuko dute zirkuitua, eta beraiek izango dira ariketen arduradunak.
Zirkuitua estreinatzeaz bat Gerobide proiektua aurkeztu dute. Donostia Lagunkoiaren proiektu honek forma fisiko on bat berreskuratzeko edo lortzeko aukera eman nahi die adineko herritarrei, bizi kalitate hobea erdiesteko. Eneko Goiak adierazi duenez Donostian zahartzaro aktiboa bultzatzen lagunduko du proiektuak. Gerobideren helburua adineko pertsonen mendekotasuna gutxitzea da, ariketa fisikoa egitea erraztuz.