‘An accidental studio’
‘AN ACCIDENTAL STUDIO’
Zuzendaria: Bill Jones, Kim Legatt eta Ben Timlett.
Urtea: 2019
Herrialdea: Errsuma Batua.
An accidental studio filmak George Harrisonek -Bai, The Beatleseko kide izan zen George Harrison berak- sortu zuen zinema ekoiztetxe britainarraren barne kontuak azalduko dizkigu. HandMade Films izeneko ekoiztetxe amateur honek, 80ko hamarkadan Erresuma Batuko film berezi eta ausartenak sortu zituen. Beste ekoizleak sortzera ausartzen ez ziren filmak, hain zuzen ere.
Baina has gaitezen hasieratik: 1978. urtean Monty Python talde komikoa aurrekonturik gabe gelditu zen Life of Brian gogoangarriaren filmaketa burutzeko, eta beraien lagun min zen Harrisonengana jo zuten laguntza eske. Honek, sinestezina badirudi ere, bere etxea hipotekatu zuen laguntzeko. Bere hitzetan: “Beraien lana miresten nuelako eta benetan ikusi nahi nuen filma zelako”. Hainbestekoa izan zen filmaren arrakasta, HandMade Films sortu eta beste zinemagile askori beraien ametsetako filmak gauzatzen laguntzeari ekin ziola.
Ekoiztetxe hasiberri honen filosofia proiektuen askatasun artistikoa estrategia komertzialaren aurretik jartzea izan zen. Era honetan, pixkanaka pixkanaka, kaleratutako filmek arrakasta handia lortu zuten, eta Erresuma Batuan gainbeheran zegoen zinemaren industria berpiztu zuten.
An accidental studio dokumental konbentzionala da, elkarrizketaz jositakoa, eta proiektu zirraragarri honen lekuko izan ziren zuzendari, gidoilari eta aktoreek ezkutuko bitxikeriak kontatuko dizkigute bertan: Life of Brian parodia erlijioso mitikoaren filmatzearen pasadizoak, The Long Good Friday gangster film bortitzaren harrera, Time Bandits abenturazko filmaren casting-a, The missionary-ren muntaieko akatsa, A Private Function txerri batekin filmatzean izandako zailtasunak, Madonna eta Sean Pennen antzezlana Shanghai surprise-n, edo Mona Lisa-ren izendapena Oscar sarietan, besteak beste. Hauxe baita filmaren asmoa: burugabekeriak ziruditen ideiek film ikoniko bilakatu arte egindako bidea ezagutzera ematea.
Bestalde, gaurkotasun handiko bi gai jorratuko ditu. Alde batetik, film osoan bi emakume (aktore) bakarrik azaltzeak zinema industriako genero ezberdinatsuna ikusaraziko du. Bestetik, zinemaren industrian interes artistiko eta komertzialen artean dagoen desoreka aurkeztuko du. Atzera begiratuz gero, kide guztiek bat egiten dute: hastapenetan, HandMade Films-en berezitasuna proiektuak epaitzeko irizpide bakarra kalitate artistikoa izatea zen, baina hazi zirenean, ekoiztetxe askori gertatu zitzaien bezala, AEBko majors-ekin lehiatu nahian, hondoa jo zuen. Harrisonek dioen moduan: “It’s a funny business”.
Zinemazale modura, An accidental studio aukera paregabea da orain arte argitaratu ez diren irudi eta elkarrizketak ikusteko, edo film ahaztezin hauen sekuentziak berrikusteko. Sundance TV-ek ekoiztutako bigarren dokumentala da -aurreko urtean The Best Day of My Life estreinatu zuten- eta uztailaren 18ra arte egongo da karteleran. Principe aretoetan, esaterako, arratsaldeko 17:00etako emanaldian izango da ikusgai.