"Imajinatu ezin ditzakezun istorioak eguneroko prentsan daude, ustez txikiak diren gauzetan"
Txirrindularitza zale porrokatua da Ander Izagirre. Euskadiko Sei Orduen kamiseta ekarri du elkarrizketara, eta behin amaituta, presaka bueltatu da etxera "Tourreko gaurko etapa oso berezia delako". Esprinterra baino gehiago, iraupen-kazetaria da bera, eta gai bakoitzari behar duen denbora eskainiz, giza balio handiko istorio paregabeak lortzeko kapaza da.

Grosekoa zara?
Ez daukat auzo identifikaziorik, egia esateko. Txikitan Amaran bizi nintzen, eta bederatzi urterekin Aietera mugitu ginen. Gero, ordea, nire kabuz Grosera etorri nintzen, eta geroztik hemen bizi naiz.
Ez naiz auzoko bizitza sozial handia egiten duen horietako bat, baina lan egiteko asko eskertzen dut hondartza eta mendia ondoan edukitzea. Tarteka, noski, inguruko tabernetara ere etortzen naiz, baina bueno, ez naiz ‘grosista’ militante bat.
Loft kafetegia aukeratu duzu elkarrizketarako. Zergatik?
Gutxitan etortzen naiz hona, baina lekua gustuko dut, eta oroitzapen onak dakarzkit, Potosi liburuaren azken berrirakurketa kafetegi honetan egin nuelako. Idatzitako folio guztiak hartu nituen eta hemen eseri nintzen, azken zuzenketak egiteko.
Goiz hartan bizkotxo bat eskatu nuen eta, gaizki ulertuta, zerbitzariak Muerte por chocolate izeneko tarta bat ekarri zidan, txokolate hutsez eginikoa. Kontua da, nire ustez, tartak emandako azukre igoerak animatu ninduela liburuarekin aurrera egitera.
Izan ere, argitaratu aurretiko azken momentu horiek oso bereziak izaten dira, behin betiko erabakiak hartu behar dituzunean zalantza guztiak gainera datozkizulako. Hemendik pasatzen naizen guztietan gogoratzen dut une hori. Niretzako oso garrantzitsua izan den liburu bat errematatzeko lekua izan zen.
Gainera, geroztik hona bueltatu izan naiz, ohiturari eutsiz, beste proiektu batzuen azken errepasoak mahai hauetan egitera.
Zergatik izan da ‘Potosi’ berezia zuretzat?
Urte asko eman nituen Boliviako gaiak lantzen. Erronka oso konplikatua izan zen, eta zalantza asko izan nituen prozesuan zehar. Hainbat unetan, liburua uztear egon nintzen, baina azkenean lortu nuen amaitzea eta liberazio bat izan zen niretzat. Gainera, gerora liburuari oso ondo joan zaio, saritua izateaz gain, hainbat hizkuntzetara itzulia ere izan delako.
Diozun bezala, urteak behar dira horrelako lan bat osatzeko. Nola bizi duzu kazetaritza mota hori?
Erritmo ezberdineko lanak uztartzen ditut. Liburu bat idazten dudanean, urteak eman ditzaket gai bat lantzen, eta hori astuna egiten zaizu. Horregatik, tarteka erreportajeak idaztea gustatzen zait, erdibideko lan gisa, edo baita zutabeak eta testu laburrak ere.
Idazketa martxa ezberdinak behar ditut monotonian ez erortzeko. Nire lanbidea asko atsegin dut, baina pazientzia eta erresistentzia asko behar dira urtetako lan bat argitaratzeko.
Zergatik da beharrezkoa martxa moteleko kazetaritza hori?
Gaietan askoz gehiago sakontzeko aukera ematen duelako, eta lehen begiratu batekin ikusten ez ditugun gauzez jabetzeko balio du. Boliviako meatzeen kasuan, nik hasieran erreportaje bat idatzi nuen, baina gerora berriro ere bueltatu behar izan nintzen liburuan jaso nituen gauzak kontatzeko.
Batzuetan intuizio bat izaten duzu, edo gogo pertsonala ere, eta horrek bultzatzen zaitu sakontzera. Nire abantaila nagusia hori dela esan ohi dut. Nire apeta, alegia. Inork ez du nire ordez erabakiko zein gairi eskainiko diodan nire denbora. Niretzat horiek dira, hain zuzen, autonomoa izatearen pribilegio handienak: denborak kudeatu ahal izatea eta zure kabuz erabakitzeko gaitasuna izatea.
Pena da, ordea, guztiz beharrezkoak diren lan horiek orokorrean kazetarien apustu pertsonaletik jaio behar izatea.
Liburuen kasuan, ulertzen dut gauzak horrela izatea. Azken finean, liburu bat idaztea erabaki pertsonal bat da, eta argitaletxeak ere hor daude babes bat eskaintzeko.
Egia da, baina, beste kasu batzuetan babes hori lortzea gehiago kostatzen dela. Erreportaje luzeekin, esaterako. Nik, gaur egun, oso gutxi argitaratzen dut komunikabideetan, horretarako biderik ikusten ez dudalako. Ez soldata ateratzeko ez lana modu sakonean egiteko. Noizean behin egin dezaket zerbait haiekin, baina lanbide modura, nik argi daukat liburuak idazten ditudala. Nire ogibidea hori da.
Nola egiten duzu topo istorioekin?
Batzuk bestearen atzetik etortzen dira, eta irakurtzen gauza asko aurkitzen ditut. Bidaiatzerakoan, adibidez, tokiko prentsa irakurtzea atsegin dut. Hori altxor bat da. Imajinatu ezin ditzakezun istorioak eguneroko prentsan daude, ustez txikiak diren gauzetan. Gauza oso esanguratsuak topatu ditzakezu hor, hango jendearentzat normalak diren gauzak guretzako harrigarriak izan daitezkeelako. Kuriositatea izan, asko irakurri eta jendeari galderak egin, ez dago besterik!
Zer daukazu orain eskuen artean?
Liburu konplikatu bat amaitzen ari naiz. Ez dizut esango zer den, oraindik ez dut ezer kontatu nahi eta, baina azken bi urteak horrekin eman ditut. Tarte horretan, Pirinioetan eta mugan hainbat lan egiten ere aritu naiz, burua pixka bat oxigenatzeko.
Laster terraza honetan ikusiko zaitugu, hortaz, paper pila batekin.
Une honetan azken-aurreko bertsioa lantzen ari naiz, baina espero dut hemendik gutxira terrazan beste txokolatezko tarta bat jaten ikustea, bai.
Nolakoa da Ander Izagirreren lan-mahaia?
Batzuetan, kaotikoegia. Ni neu ere beldurtu egiten naiz, eta noizean behin garbiketak egin behar izaten ditut hortik bizirik ateratzeko. Baina, mahaia baino gehiago, horma da gainezka dagoena.
Idazten ari naizen liburua, adibidez, estrukturalki oso konplikatua da, Potosi bezala, eta gaiak ondo lotzeko, liburuaren estruktura hori ikusi behar dut. Horretarko, paper guztiekin puzzle bat osatzen dut paretan.
Pelikuletako detektibeen antzera?
Neurriz gorakoa dirudi, baina hala da. Ariketa lagungarria da niretzat, estruktura argitzea lortzen dudanean liburua nondik nora joango den ikusti dezakedalako.
Potosi liburuaren kasuan, horman zeuden zenbait idatzi borratu egin ziren, leihotik sartzen ziren eguzki izpien eraginez tinta desagertu egin zelako. Horrek erakusten du halako proiektu bat zenbat luzatu daitekeen.
Gu ezin gara horrenbeste luzatu, etapa jada hasi egin delako. Nola bizi duzu Frantziako Tourra?
Ahal dudan guztia ikusten dut, baina ez dut soilik Tourra jarraitzen. Urte osoan zehar egiten diren probak ere gertutik jarraitzen ditut.
Nondik datorkizu zaletasun hori?
Gure familiaren zati handi baten afizioa da. Txirrindularitzak betidanik izan du lekua gure etxean. Txikitako heroiak eta pertsonaia mitikoak niretzat txirrindulariak ziren, eta oraindik haurtzaroko lilura horrekin lotzen dut. Perico Delgado eta Cabestany txirrindulariak ziren nire heroiak. Cabestany, gainera, donostiarra da. Nik banekien Asterix ez nuela inoiz kaletik ikusiko, baina belodromora joaten nintzenean Cabestany hortxe izan nezakeen, aurrez aurre.
Zer dauka, bada, txirrindularitzak beste kirolek ez dutena?
Fisikoki, jendea mugan jartzen du, eta horrek galdera bat sortzen digu: nola izan gaitezke gai gizakiok halako sufrimendu bat borondatez jasateko? Zentzu horretan, oso kirol gordina da.
Gero badauka beste geruza bat, soilik zaleok interpretatzen duguna. Estrategiarena, alegia. Txirrindularitza oso kirol estrategikoa da, eta batzuetan gehiago gozatzen dut etaparen lehelengo kilometroak jarraitzen, azkenekoekin baino, lasterketa nola osatuko den ikusten duzulako.
Itzuli handiak ia genero narratibo bat dira: tramak eta azpitramak dauzkate, protagonistak eta antagonistak dituzte eta egunero dute entrega bat. Izan ere, Tourra Frantziako egunkariek asmatu zuten, udaran ale gehiago saltzeko, eta kazetari horiek ongi zekiten zer behar den istorio on bat sortzeko!
HAMABIETAN BERMUTA. Tonika eta urdaiazpiko pintxoa.
Non. Loft kafetegia (Gros).
Prezioa: 4,20 euro.