Kontxako zati bat itxiko dute hilaren 23an Woody Allenen filmaketarako
Datorren asteartean, hilaren 23an, Woody Allen zinemagile estatubatuarrak Kontxako pasealekuan eta hondartzan egingo ditu bere filmerako grabaketak. Horretarako, hondartzaren eta pasealekuaren zati bat itxiko dutela jakinarazi du Donostiako Udalak.
Zehazki, 8:00etatik 12:30ak arte, Donostiako Atletikoren egoitza aurrean dagoen hondartza zatia inguratuko dute, eta ezingo dira tarte horretan dauden lau toldo-ilarak erabili. Udalak toldoen erabiltzaileak ohartarazi ditu. Mozketak egin arren, ordezko pasabideak egongo dira.
Ibilgailuen trafikoa ere moztuko dute asteartean. Trafikoaren etenak 11:00etatik 19:00etara izango dira, Zubieta kalean eta Mirakontxa pasealekuan. Oinezkoei dagokienez, 11:00etatik 19:00etara, filmatzearen une jakinetan eta grabaketaren arabera, oinezkoen igarotzea eten ahal izango da hegalean, eskaileretan, hondartzan eta Kontxa pasealekuan. Mozketa hauek ez dira 3 edo 5 minutu baino luzeagoak izango eta betiere, Zubieta kaletik igarotzea bermatuko da.