Kote Cabezudoren aurkako epaiketa udaberrian abiatu daitekeela esan du emakume erasotuen abokatuak
Argazkilariari egozten zaizkion 47 delituekin 300 urteko espetxe zigorra eskatu dezakeela azaldu du Mario Diez abokatuak goizean Donostiako epaitegien aurrean eginiko agerraldian.
Instrukzio fasea amaituta, Cabezudoren aurkako epaiketa ziurrenik udaberrian abiatuko dela azaldu du Mario Diez emakume erasotuen abokatuak. Prozesu horretan, argazkilari donostiarrari egozten zaizkion 47 delituak kontuan hartuta, 300 urteko espetxe zigorra eskatzera iritsi daitekeela zehaztu du Diezek epaitegien aurrean eginiko agerraldian. 21 emakumek salatu dute guztira argazkilari donostiarra, eta abokatuak horietako hamaseiren defentsa darama.
Kote Cabezudok Erasotuontzat Justizia plataformak eta Bidasoaldeko Elkarte feministak deitua, hainbat herritarrek elkarretaratze isila egin dute goizean epaitegien aurrean, argazkilari donostiarra deklaratzera deituta zegoen ordu berean. Gerora, ordea, albiste txarra eman die Diez abokatuak. Izan ere, defentsako abokatuaren aldaketa dela eta, Cabezudoren adierazpenak datorren asteazkenera atzeratu ditu epaileak.
EH Bilduko Reyes Carrere, Olaia Duarte y Garbiñe Alkiza zinegotziek bat egin dute protestarekin, biktimei babesa adierazi eta Cabezudo kasuari ikusgarritasuna emateko asmoz.