Toldozainen kamisetak elebitan jarriko dituzte
Uda hasieran, Bagera Euskaltzaleen Elkarteak Kontxako eta Ondarretako hondartzetako toldozainen uniformeetako serigrafia soilik gaztelaniaz zegoela salatu zuen, idatzi baten bitartez. Udalak salaketa entzun du, eta uniformeak elebitan jartzeko prozesua martxan jarri dutela jakinarazi dio Bagerari. Hondartzen ardura duen udal zuzendaritzarekin harremanetan jarri dela azaldu du udalak, zuzendaritza hori uniformeen zerbitzua ematen duen enpresarekin harremanetan jarriz. Udalaren arabera, “Dagoeneko ele bietan jartzeko izapideak abiatuta daude eta epe laburrean zuzenduta izatea espero da”.
Toldozainen uniformeetan ‘toldero’ hitza soilik jartzen zuela salatu zuen Bagerak, bi arrazoirengatik: Alde batetik, elebakarra izanik herritarren hizkuntza eskubideak urratzen zituelako, eta, bestetik, gaztelaniazko terminoa baztertzailea delako genero ikuspegitik.