Woody Allenen film bat baino gehiago
Erraza izango da uda honetan Woody Allenen film berriaren grabaketa lanak ikustea, abuztuaren 20ra arte egongo baita Donostian. Denen ahotan dago Allen, eta askotariko erreakzioak daude. Batzuek hiriarentzako onuragarria izango dela diote, beste batzuek turismo gehiegi erakarriko duela, eta beste batzuek, berriz, sexu abusuengatik dituen akusazioak gogoratzen dituzte.
Woody Allenek bere film berria Donostian grabatuko zuela apirilean jakinarazi bazuten ere, joan den astean hasi zen gaia herritarren ikusmina benetan sortzen. Izan ere, pasa den asteko asteartean eman zuen prentsaurrekoa Allenek, filma ekoiztuko dion Mediapro ekoiztetxearekin eta aktore batzuekin batera. Filmaren nondik norakoak azaldu zituen zinemagileak prentsaurrekoan, zehaztasun gehiegi eman gabe. Filmaren behin behineko izenburua Rifkin’s Festival dela esan zuen Allenek, eta komedia erromantiko bat izango dela; Zinemaldia dela eta, AEBetatik Donostiara datorren bikote baten ingurukoa.
Bestalde, Jaume Rouresek, Mediaproko buruak, herritarrak lasaitzeko asmoz, esan zuen ez zituztela donostiarrak asko molestatuko grabaketa prozesuan. Hurrengo egunean hasi ziren filma grabatzen, eta Bulebarra itxi egin zuten arratsaldean. Geroztik, Miramar Jauregiko parkea eta Erdialdeko hainbat kale itxi dituzte egun desberdinetan.
Epe motzeko eragina
Donostiako Udalaren arabera, Allenen filmaren grabaketak «eragin mugatua» izango du hirian, beti ere, “udalarekin koordinatuta”. “Eragozpen batzuk” sortuko dituela adierazi du udalak, baina hiriaren udako bizitza kontuan hartuta, ondo kudeatzen saiatuko direla dio. Bide horretan, “ekoiztetxearen konpromisoa” duela nabarmendu du udalak. Kontxako hondartzako itxiera, esaterako, egun bakarrean egingo dutela azaldu du, eta itxiera partziala izango dela. Ildo beretik jo du Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak, eta larritasuna kendu dio gaiari: “Kirol ekitaldi batzuekin hiri guztia ixten da eta ez da ezer gertatzen, beraz, ez dut uste Bulebarra eta Kontxa tarteka ixtea arazo handi bat izango denik”. Gainera, Donostiako eta Gipuzkoako jende asko filmean la egiten ari dela nabarmendu du Zinemaldiko zuzendariak.
Bestalde, udalaren arabera, “laguntza logistikoa” baino ez diote eman Mediaprori filma Donostian egiteko. Hau da, baimenak lortzeko eta filmatzerako lekuak bilatzeko laguntza, besteak beste. Horretaz gain, udalaren izenean ekoizpen lanak egiteko pertsona bat egon dela azaldu dute.
Asier Basurto Bizilagunekin plataformako kidea kritikoagoa izan da grabaketa sortzen ari den eragozpenekin, eta udalak “hiriarentzat garrantzitsua delako” esanez dena justifikatzen duela adierazi du. Hala ere, udalak filmaren aldeko apustua egin duenez, laguntza teknikoa eskaintzea ulertzen du Basurtok, baina plataformak eskatzen duena apustua bera ez egitea dela azpimarratu du. Horregatik, filmera bideratzen ari diren baliabideen inguruko “gardentasun osoa” eskatu du, izan ere, plataformari harrigarria iruditzen zaio udalaren parteko diru publikorik ez erabiltzea: “Bitxia da diru publikorik gabe bulego turistikoek nahiko luketen filma egingo duela Allenek. Bi orduko iragarki bat egingo duela ematen du”.
Udalak filmatze lanen inguruko informazioa egun batetik bestera ematearekin haserre agertu da Basurto: “Donostiarrak ez gara figuranteak gure hirian. Kalte praktikoak baino, askotan okerragoa da zure hirian zeresanik ez duzularen sentsazioa”. Horren harira, udalaren eta Allenen arteko harremana ere zalantzan jarri du Basurtok, esanez ez zaiela argi gelditzen “nor den noren zerbitzaria”.
Epe ertaineko eragina
Donostia film askotan agertu den hiri bat da, baina Allenena izango da, segur aski, nazioartean oihartzun gehien izango duena. Horrek hiriari eta Zinemaldiari mesede egingo diela deritzo Rebordinosek: “Filma maila guztietan oso ona dela uste dut, baina bereziki, hiriaren irudi positibo bat salduko duelako”. Gainera, pozik agertu da Alleni Donostia gustatzen zaiolako: “Pozik gaude argi dagoelako Donostian egon den aldietan hiria eta Zinemaldia gustatu zaizkiola”.
Gidoia Donostian girotuta egonda, filmatzea hirian izateko “ahalegina” egin duela adierazi du udalak, eta Rebordinosekin bat egin du: “Mota honetako film bat egiteak hiriaren posizionamendua indartzen du nazioartean”. Izan ere, Donostia “balio positiboekin” lotuko duela uste du udalak.
Allenek Donostiako bere ikuspegia islatu nahi zuela esan zuen prentsaurrekoan. Rebordinosen ustez, filma komedia erromantiko bat izango den heinean, “Donostiako irudi idiliko bat” erakutsiko du zinemagileak: “Donostiak denetarik dauka, ez soilik postala, baina komedia erromantiko baterako hiriko agertoki ederrenak erabiltzea da logikoena”. Bestalde, Mediaprorekin harremanetan hiru hilabete daramatzatela azaldu du Rebordinosek, Zinemaldiko irudia ondo islatzeko laguntza eskaintzen eta materiala uzten.
Nazioartean izan dezakeen oihartzun horrek, ordea, Bizilagunekin plataformako kideak kezkatzen ditu, turismoan izan dezakeen eraginarengatik. “Arriskutsua iruditzen zaigu Donostiako turismoa handitzera bideratuta dagoen guztia”, adierazi du Basurtok. Plataformak egindako desazkunde turistikorako hamasei proposamenen artean, “promozio turistikoa aurrekontu publikoetatik ezabatzea” dagoela ere gogoratu du. Bestalde, filmaren inguruan erakundeek izan dezaketen interesarengatik kezka azaldu du Basurtok: “Woody Allenen filmak promozio turistikorako xedea duela iruditzen zaigu, eta horrek kezkatzen gaitu”. Izan ere, Donostiak turismo gehiagoren beharrik ez duela aldarrikatzen du Bizilagunekinek: “Donostiak jasotzen dituen kalteak handiak dira, eta hori gelditzeko garaia da”.
Turismo industriak filmari atera diezaiokeen probetxuaren inguruko kezka ere azaldu du Basurtok, Vicky Cristina Barcelona filmaren ondoren Bartzelonan ireki nahi izan zuten Allenen inguruko museoa aipatuz. Izan ere, 2013an, Mediaprok Generalitateari proposatu zion zinemagilearen figuraren inguruko museo bat egitea Gotic auzoko El Borsi eraikin publikoan. Bizilagunek, ordea, eraikina auzotarrek erabiltzeko izatea nahi zuten, eta El Borsi pel Barri plataforma sortu zuten. Horren kide Marti Cusok azaldu duenez, “filmaren mauka aprobetxatu nahi izan zuten auzoaren turistifikazio momentu maximoan”. Azkenean, plataformak museoaren proiektua geldiaraztea lortu zuen, Ada Colauren udal gobernuarekin lankidetzan. Gaur egun, eraikina auzoarentzako espazio bat izateko proiektua garatzen ari da plataforma, non kultur jarduerak egingo dituzten, besteak beste. Cusoren arabera, “azken lau urteetako garaipen handiena” izan da El Borsi eraikinarena.
Sexu abusuak
AEBetako MeToo mugimenduaz geroztik, oso kaltetua ikusi da Woody Allenen irudia, baina aspalditik datorren gaia da New Yorkeko zinemagilearena.
Izan ere, 1992an, Mia Farrow aktorearekin ezkonduta zegoela, bere adopziozko alaba Dylan Farrowk Allen salatu zuen, sexu abusuak egin zizkiola esanez. Zazpi urte zituen orduan Farrowk. New Yorkeko eta Connecticuteko Estatuetan ikertu zuten kasua, baina ez batan ez bestean ez zen epaitegietara heldu. Connecticuteko Estatuan, sexu abusuengatik epaiketa bat hasteko froga nahikorik ez zegoela ondorioztatu zuen epaileak, baina Mia Farrowrekin zituen haurren kustodia kendu zion Alleni epaile horrek berak.
2014an, bere kontakizuna berretsi zuen Dylan Farrowk, eta zinemagilearen aurkako presio soziala areagotu zen, 2018an Amazon enpresak Allenen film gehiago ekoizteari uko egitera iritsi arte.
Horregatik guztiagatik, udalaren jarrera kritikatu du Elene Lopetegi Donostiako mugimendu feministako kideak. Bere ustez, Eneko Goia alkateak Allenen errugabetasun presuntzioa errespetatu behar dela esateak “balioa kentzen die mugimendu feministak erasotzaileen eta erasoen aurka egin dituen lanketa guztiei”. Udalak “zuriketa morea” egin duela gaineratu du Lopetegik: “Egun batean erasotzaile bat babesten du eta hurrengoan udako erasoen aurkako kanpaina aurkezten du”. Beraz, Donostiako feministek udalari exijentzia argi bat egiten diotela nabarmendu du Lopetegik: “Donostiako mugimendu feministaren exijentzia da Allenen moduko erasotzaileei harrerarik ez egitea”.
Rebordinosek, aldiz, Allen boikoteatzea “zentzugabekeria bat” iruditzen zaiola azpimarratu du, eta Allenen errugabetasun presuntzioa aldarrikatu du: “Ikaragarria iruditzen zait bere burua aurrerakoitzat duen jendeak norbait erruduna dela erabakitzea, frogatuta ez dagoen bitartean”. Kasua bi estatutan ikertu dutela gogoratu du Zinemaldiko zuzendariak, eta Mia Farrow eta Woody Allenen beste seme batek, Moses Farrowk, Allen defendatu zuela: “Ez dakit alaba edo semea ari den gezurretan, baina ez naiz ez polizia ez epailea. Harritzen nau batzuek duten moralak eta besteen bizitzan sartzeko beharrak”.
Udalak Rebordinosen hitzak bere egin ditu, zinemagilearen errugabetasun presuntzioaren alde eginez: “Bi estatu desberdinetako bi epailek ez dute inongo frogarik aurkitu bere aurka jarritako salaketak direla eta. Ez dagokigu guri polizia, fiskal edo epaile lanak egitea”. Salaketek “aditu askoren ustez zalantza asko” dituztela gaineratu du udalak, eta “harrigarria” dela zigorrik jaso ez duen pertsona baten aurka “talde politiko jakin batek izan duen jarrera”.
Allenen filmetan lan egin duten aktore batzuk zinemagilearekin lan egin izanaz damututa agertu direla gogoratu du Lopetegik. Espainiako Estatuan ere Allenen kontrako boikot kasuak daudela azaldu du mugimendu feministako kideak, Oviedoko (Asturias) mugimendu feministak hirian jarri zuten Allenen estatuaren aurka egin zuela gogora ekarriz.
Bestalde, Donostiako mugimendu feminista datozen egunetan bilduko dela azaldu du Lopetegik. Bizilagunekin plataformarekin eta beste eragile batzuekin batera, Allen Donostian egotearen inguruko irakurketa bat kaleratuko dute, turismo promozioaren eta sexu abusuen inguruko kezkak bateratuz. Gainera, zinemagilea hirian dagoen bitartean mobilizazioak egingo dituztela aurreratu du Lopetegik: “Uda guztian Donostian grabaketak egingo dituztela ikusita, zerbait egingo dugu”.