Woody Allenen filmaketaren aurkako protesta deitu dute
Uztailaren 22rako protesta deitu dute hainbat eragilek. 18:00etatik aurrera Kontxako erlojuetan kontzentrazio zaratatsuan parte hartzeko deia luzatu dute. Era berean, datozen asteetan mobilizazio gehiago deituko dituztela iragarri dute. Protestara deitu duten eragileak: Bizilagunekin plataforma, Ernai gazte antolakundea, Hotel+ez mugimendua, Groseko Asanblada Feminista, Medeak, Donostiako Bilgune Feminista eta Garaipen.
Deialdiarekin batera protestarako hainbat arrazoi aletu dituzte eragileek. Ez gara figuranteak! aldarripean Donostiako agintari publikoek hiriaren turistifikazio prozesu “azkar eta bortitza” daramatela salatu dute, Woody Allenen filmaren grabaketak “epe labur eta ertainera bertako bizilagunen bizi-baldintzetan kalteak sortzeko moduko turismoaren hazkundea” eragin dezakeela gaineratuz.
“Hiri-marka eta kulturaren merkantilizazioak helburu komertzial partikularren erantzuten diete hiri honetan”, salatu dute. “Helburu horren mesedetan datorren orori alfonbra gorria jartzen zaio, bertako bizilagunon bizi-baldintzen gainetik pasa behar badira ere. Gazteak, emakumeak, migranteak, besteak beste, izaten dira ondorio hauek erarik bortitzenean jasaten dituztenak: etxebizitzen prezioan, lan-baldintza prekarioetan…”.
“Donostiara turismo gehiago ekartzeko ekimen oro bertan behera uzteko eskatzen dugu. Sustapen turistikora zuzendutako aurrekontu publikoa ezabatzea beharrezkoa da, hiriak jasan ezin duen neurritik gora dagoelako eta atzera bueltarik gabeko kalteak sortu baino lehen. Desazkunde turistikoa da zentzuzko norabide bakarra gaur egun Donostian”, adierazi dute.
Halaber, erakunde publikoetatik filmaketari eskainitako zerbitzu eta laguntzak gaitzetsi eta Woody Allenekin eta Mediapro ekoiztetxearekin izandako harremanaren xehetasunak publikoki erakustea eskatu dute.
“Erasotzaileekin moztu!”
Woody Alleni egin zitzaion harrera ofiziala ere salatu dute, zinemagilearen aurkako sexu abusu salaketak gogora ekarriz. Egindako harrerak Donostiako mugimendu feministak erasotzaileen aurka egiten dituen lanketa guztiei balioa kentzen duela gaineratu dute, eta nazioarteko hainbat talde eta mugimendu feministak eskatu bezala zinemagilearekin harreman ofizial oro eten beharko litzatekeela iruditzen zaiela.
“Ezin dugu onartu egun batean Woody Alleni harrera egitea eta aste berean erasoen aurkako udako kanpaina aurkeztea. Horri zuriketa morea esaten zaio”, adierazi dute. “Allen bezalako erasotzaileei harrerarik ez egitea eta babesik ez ematea exijitzen dugu. Ez Donostian eta ez beste inon. Egin duten mina aitortu eta erreparatu gabe eraso sexistak egin dituzten erasotzaileak ez dira ongi etorriak eta horren aurrean behar den erantzuna emateko prest egongo gara.”