Zer dio zinema munduko jendeak?
Donostialdeko zinemagile, aktore, aditu eta kultur kazterariek Woody Allenen filmaren grabaketaren inguruko iritzia eman digute.
«Ez dut uste inor etorriko denik hona, edo oso jende gutxi, Woody Allenek pelikula bat egin duelako»
Koldo Almandoz, zinemagilea
Zer iruditzen Allen hona etorri izana?
Niri berdin zait Woody Allen Donostiara filmaketa bat egitera etortzea, Woody Allen izan edo beste edonor izan. Tarteka tokatu daiteke norbait etortzea, Bruce Springsteen kontzertu bat ematera edo MTV Bilbora ez dakit zer sari ematera etortzen den moduan.
Nolako eragina izango du hirian?
Horren inguruan sortu den nolabaiteko globo honek nagi handia ematen dit. Iruditzen zait gezur bat bestearen gainean eratu dela. Saldu nahi izan digute, ez dakit zergatik, aitzakia edo barkamen eske moduan, errodaje honek jende andana ekarriko duela, turismoa ekarriko duela Donostiara eta ezagun egingo duela mundu osoan, eta iruditzen zait ez dela egia. Nork daki Woody Allenek non grabatu zuen bere azken pelikula, edo aurrekoa? Zenbat jende joaten da toki horietara? Ez dut uste inor etorriko denik hona, edo oso jende gutxi, Woody Allenek pelikula bat egin duelako. Bola handi bat eratu dute Allen datorrela justifikatzen eta inork egin ez dituen protesten kontra aitzakia jartzen. Zeren nik dakidala ez da egon protesta handirik. Baina komunikabideetatik bat-batean ari dira sekulako tirita jartzen, komunikabide zehatz batetik, jaten ematen dien eskuari nolabait faborea egin nahian.
Zer iritzi duzu egin zitzaion harreraz eta eman zaizkion erraztasunez?
Batzuei eta besteei zelako harrera egiten zaien, diferentzia nabarmentzen da. Batetik zer izan beharko lukeen dago eta bestetik bizitza nolakoa den. Nik oso argi daukat Woody Alleni askoz ere erraztasun gehiago eman edo pelota handiagoa egingo diotela bat-batean pelikula bat egiten eta baimenak eskatzen hasten den Zegamako 25 urteko neska bati baino. Iruditzen zait honek adierazten duela zer garen eta bagara paleto samarrak zentzu horretan. Etortzen da pertsona ezagun edo famatu bat eta haren zerbitzari bihurtzen gara.
Nolako Donostia erakutsiko du filmak?
Entzun dudanarengatik komedia erromantiko bat da baina ez dakit gidoia zertan den. Non filmatuko duten eta aurrekariak ikusita interesatzen zaien Donostia erakutsiko dute, baina ni ez naiz inor hori kritikatzeko. Argi dagoena da ez direla joan Herrerara edo Altzara filmatzera. Baina ez dira hori egitera derrigortuak egon behar.
«Zaila egiten zait udalak harrera ofizialarekin hartu duen posizionamendua. Non geratzen dira salaketak?»
Ines Arrue, kultur kazetaria
Zer iritzi duzu filmaketaz eta izango duen eraginaz?
Allenen lanaren jarraitzaile berezia izan gabe ere, onartzen dut gaiak probokatu dezakeela ikusmira moduko bat; gure hiria horrelako super produkzio baten lokalizazioa izango dela pentsatzeak jendea harrotuko duela. Baina Donostiar gisa, tragedia kutsua hartzen diot gehiago. Neurtzen ari gara horrelako esposizio mundialak eragingo dituen ondorioak? Hiritarrak prest daude egun gentrifikazio jasangaitza bizi duen bizitokiak turismo globalari alfombra gorria zabalduko diola onartzeko? Bestalde, zein da filmak hiriaz zabalduko duen ikuspegia? Donostiarrok bizi dugun Donostia bat, ala gutxi batzuen interes eta aberastasunak bermatuko dituen spot edulkoratu bat? Eta azkenik, zein arrazoirengatik lagatzen zaio hain erraz eskuhartze pribatuari herritarek nekez eta garesti ustiatu dezakegun espazio publikoa?
Bere aurkako salaketak kontuan hartzen dira?
Zaila egiten zait ulertzea udalak harrera ofizialarekin egin duen posizionamendua. Zein da heroi gisa tratatzearen arrazoia? Non geratzen dira jasotako salaketak? Nora begira ari dira?
«Duen prestigioarekin, nahiz eta orain desprestigioa ere baden, normala iruditzen zait harrera bat egitea»
Borja Cobeaga, zinemagilea
Zer iritzi duzu egin zitzaion harreraz?
Uste dut zentzua duela zuzendaria Woody Allen baldin bada. Nazioarteko ekoizpen bati izango balitz, aktore ezagunik gabekoa eta zuzendari ezezagun batena… Uste dut Woody Allenek Donostian grabatzea ilusioa egiten duen zerbait dela Woody Allen delako. Ohituta dago hiriz hiri joan eta hiriaren pelikulak edo publirreportajeak egiten, zeren batzuk zuzenean publirreportajeak dira. Baina normala iruditzen zait duen prestigioarekin Woody Alleni harrera bat egitea, nahiz eta orain prestigioa baino desprestigioa ere baden, baina normala iruditzen zait.
Erraztasun gehiago eman dizkiote?
Ez dut uste filmaketa bertakoa edo kanpokoa delako erraztasun handiagoak eskaintzen zaizkionik. Donostian berdin du Loreak den edo Woody Allenen azkena. Bakoitzak du bere pizgarria, bertakoa baldin bada bertakoei laguntzeko eta kanpokoa baldin bada hiriari ikusgarritasuna emateko, gehiago behar baldin badu, noski, eta ez daukat oso argi Donostiak ikusgarritasun handiagoa behar duenik, giriak belarrietatik aterako zaizkigu eta. Woody Allenen filmak Bartzelonan berebiziko eragina izan zuen eta Ameriketako Estatu Batuetako eta munduko turista pila erakarri zituen.
Bere aurkako salaketak kontuan hartzen dira?
Woody Allen ez dago kondenatuta, salaketa bat egon zen, baina zalantzan jarri dute peritu batzuek. Eta ez dakit, ez dut bere pertsonaren erreibindikazio erabatekorik egiteko gogorik ere. Zinemagile moduan sekulako ibilbidea duela esan dezaket. Baina distantziakide sentitzen naiz gaiari dagokionez. Ez naiz sumintzen Donostian grabatzen ari delako eta dirua ematen diogulako, baina ez naiz ezta ere bere alde kalera aterako.
«Ez nioke ez Alleni ez inori harrerarik egingo. Emandako erraztasunekin aski eta sobera dela uste dut»
Iñaki Lazkano, zineman aditua
Zer iritzi duzu egin zitzaion harreraz?
Nik Woody Alleni ez nioke udal harrerarik egingo, ez nioke inori harrerarik egingo. Ematen zaizkio erraztasunak, hau da, ixten da hondartzaren parte bat, ixten dira kaleak, eta abar, eta horrekin aski eta sobera dela pentsatzen dut, Woody Allenentzat eta edozeinentzat. Allenen zinema oso gustuko dut, baina printzipioz ez nuke harrerarik egingo, are gutxiago ez baldin badakit hiriaren zer irudi emango duen. Izugarrizko irudia ematen baldin badu eta filmak arrakasta baldin badauka, beharbada, egin daiteke zerbait gero.
Nolako Donostia erakutsiko du filmak?
Ez daukat ideiarik ere, pelikula ikusi arte ezin baitezaket jakin Woody Allenek nolako irudia emango duen. Susmatzen dudanaren arabera, eta egin zaion harrera kontuan izanda, suposatzen dut ekonomia ikuspegi batetik udalarentzat interesgarria dela emango duen irudia. Beharbada eurek gidoia ikusteko aukera izan dute eta horren arabera jokatu dute, baina besteok ez daukagunez informaziorik ezin dezaket esan zein iritzi dudan horri buruz.
Bere aurkako salaketak kontuan hartzen dira?
Kasu oso zahar bati buruz ari gara, 1992koa. Sasoi hartan ikerketa bat egin zen, ikerketa hori epaile baten eskuetara pasa zen eta epaile horrek erabaki zuen froga eztabaidaezinik ez zegoela. Horrek ez du esan nahi Woody Allen errudun edo errugabea denik. Nik, zentzu honetan, salaketa sinets dezaket, baina uste dut norbait epaitzeko edo norbaiten gaitzespena egiteko sinestearekin ez dela aski. Ez nuke eskua sutan jarriko bere alde baina ezta bere kontra ere. Pertsona bat baztertu aurretik edo kondenatu aurretik frogak ezinbestekoak dira, are gehiago halako kasu batean.
«Ulertzen dut baina batzuetan pasatu egiten gara kexekin. Nonbait egin behar dira pelikulak ere»
Ane Gabarain, aktorea
Zer iruditzen zaizu Allen hona etorri izana?
Ez dakit, bitxia iruditzen zait. Woody Allen betidanik gustatu zait zinemagile gisa eta, egia esan, grazia egiten dit. Baina ez dakit nolako eragina izango duen Donostian, ez dakit ona ala txarra izango den. Zumaian Game of Thrones-ekin pasa den moduan modan jarri da orain zirkuituak egitea, eta Donostia dagoeneko nahiko gainezka daukagu hainbeste turismorekin.
Zer iritzi duzu egin zitzaion harreraz?
Bueno, normala iruditzen zait Woody Allenen mailako figura batekin maila horretako prentsaurreko bat egitea.
Eta sortu den zalaparta?
Ulertzen dut, baina uste dut pasatu egiten garela kexekin. Azkenean bi edo hiru eguneko eragozpena ez zait iruditzen hainbesterako denik ere. Denarengatik kexatzen gara orain. Tokatzen da, nonbait egin behar dira pelikulak ere.
Asko puztu da berria?
Baietz uste dut. Azkenean, ulertzen dut bat-batean bi egunez Kontxa itxi behar dutela esaten dutenean asaldatzea, zeren hori Donostiaren historian ez da sekula pasa, eta orduan jendeak dio, ‘nola da posible, nola Kontxa itxi…’. Baina ez da mundua amaitzen. Dena lekuz kanpo geratu dela uste dut, bai aldekoa eta bai kontrakoa. Azken finean, pelikula bat baino ez da.
Bere aurkako salaketak kontuan hartzen dira?
Ez dakit zer esan. Eztabaida sakona da eta ez dakit, ez daukat argi. Niri delikatua iruditzen zait kontua. Zinemagile moduan tipo oso interesgarria iruditzen zait eta talentuz betea, betidanik gustatu zait. Baina partikular bezala halako edozein delitu kondenatzen dut, nola ez.
«Pelikula oso ona baldin bada eta hiria asko eta eder agertzen baldin bada eragina izango du, jakina»
Jon Garaño, zinemagilea
Zer iritzi duzu egin zitzaion harreraz?
Kanpotik ikusita badirudi Bienvenido Mr Marshall moduko bat dela, denak gala onenak janzten eta harrera beroa ematen. Era berean, normala izan daiteke, bizirik dagoen zinegile karismatikoenetako bat baita. Maisulan ugari ditu eta kultura arloko pertsona ikonikoa da. Pentsatzen dut logika horren barruan sartzen dela halako harrerak egitea. Ez dakit, egia esan. Politikarien kontuak dira.
Asko puztu da berria?
Den figurarengatik medioetan gehiago azaltzen da: Kontxan filmatuko duela edo kaian edo San Juanen… Bueno, guk leku horietan guztietan filmatu dugu eta ez da inoiz ezer pasa. Notizia egitea ere bada, eta zentzu batean logikoa iruditzen zait zeren jendeak kuriositatea izango du.
Nolako eragina izango du hirian?
Gauza asko hartu behar dira kontuan. Pelikula oso ona baldin bada, hiriaren izena tituluan baldin badago, hiria asko azaltzen baldin bada eta eder, horrek eragina izango du, jakina. Ez baldin bada tituluan hiria aipatzen, pelikulan ere aipamen gutxi baldin badaude, hiria fondoan bakarrik ikusten baldin bada, oso zentratua baldin badago aktoreetan eta pelikula oso txarra baldin bada, ez du izango.
Bere aurkako salaketak kontuan hartzen dira?
Nik zentzu horretan ez dakit, zinemagile moduan hitz egin dezaket eta zinemagile gisa aparta iruditzen zait. Bere familiaren parte batek salatu zuen, baina kontua da ez zutela epaitu, eta nik ez dut gehiegi irakurri ezta sakondu ere horren inguruan. Beldurra ematen dit iritzia emateak ez baitut iritzi argirik.