"Zerbait izan nahi duen auzo batek jaiak behar ditu"
Zipotz jaietako sortzaileetako bi dira Mikeloto Etxeberria eta Tito Altuna. 1990eko hamarkadan hasi ziren antolatzen, eta oraindik ere jai giroan guztiz murgilduta egoten dira biak.
Nola hasi ziren Groseko jaiak?
Mikeloto Etxeberria (M.E.): Ni oraindik ez nengoen barruan, baina 1991. urtean hasi ziren jaiak. Mikel Sala, Fidel Cañardo, Tito Altuna eta El Casero hasi ziren; Josu Goitia ondoren sartu zen, eta ni 1993an sartu nintzen jai batzordean. Baina sartu aurreko bi urteetan, auzoko gazteekin kuadrillak sortzen joan ginen, eta jaietan laguntzen genuen askotariko lanak egiten.
1993an, gu sartu ginenean, Titok eta Josu Goitiak izan ezik, hasierako guztiek batzordea utzi zuten.
Tito Altuna (T.A.): Garai horretan, Groseko Umore Onak elkarteak jaiak egiten zituen San Ignazio egunaren bueltan –oraindik danborrada egiten dute–, baina guk erabaki genuen gazteentzako zerbait egin behar genuela. Saltsa hartan sartzen hasi ginen, eta askotan uzteko zorian egon ondoren, jarraitu genuen eta jaiak atera ziren.
Datari dagokionez, hasieratik aukeratu zen uztaileko hirugarren astea?
T.A.: Lehenengo urtean arazo larri bat izan genuen. Ez ginen gogoratu uztailaren 18an Francoren altxamenduaren urteurrena zela, eta egun hartan hasi genituen jaiak, danborrada jotzen. Alderdi politiko nazionalista jakin batekoak etorri zitzaizkigun, eta errieta egin ziguten.
Zergatik jarri zenieten jaiei Zipotz izena?
M.E.: Hasieran ez ziren Zipotz jaiak, Groseko jaiak baizik. Jaiak irudikatuko zituen pertsonaia bat aukeratzeko lehiaketa bat egitea erabaki genuen. Hainbat marrazki aurkeztu ziren, animaliaren baten marrazkiren bat ere, baina azkenean Zipotz aukeratu genuen eta ikurriña bat jarri genion.
Nola aldatu dira jaiak?
M.E.: Lehen, udalak ez zuen ezer jartzen. Agertokia, esaterako, gurea zen, eta jartzeko oso zaila zen. Olana zikin batzuk hartzen genituen, eta agertoki txiki bat jartzen genuen Txofre plazan eta beste agertoki handiago bat Nafarroa Beherea plazan zegoen aparkalekuan. Hango auto guztiak kendu behar genituen horretarako, eta bizilagunekin liskarrak izaten genituen. Askok ez zuten nahi jaiak hor egitea, eta denetarik esaten ziguten.
Barrakak ere Nafarroa Beherea plazan jartzen genituen, eta Alberto Hondarribi ferietako saleroslea etortzen zen. Gaur egun 68 urte ditu, eta oraindik ere etortzen da, bera da eramaten dituen bakarra.
T.A.: Ona izan zen Odon Elorza alkate zenean behin gertatutakoa. Nafarroa Beherea plaza obratan zegoen, eta ez ziguten jaiak hor egiten utzi. Beraz, Manteora joan behar izan genuen.
M.E.: La Polla Records taldea ekarri genuen. Bizilagunek ez zuten hor jotzea nahi, «eskandalu bat» izango zelako, eta kuadrilla batek jo nahi izan ninduen.
T.A.: Han bizi zen ehiztari bat eskopetarekin jaitsi zen. Bere ama ohean omen zegoen eta, «zerbait gertatzen bazaio, hil egingo zaituztet», esaten zigun.
M.E.: Manteokoa mundiala izan zen eta auzo guztietako jendea etorri zen. Hurrengo urtean oraindik obrak ez zeuden bukatuta, eta Saguesera joan ginen. Ezin genuen Manteora itzuli [barreak]. PiLT eta Su Ta Gar etorri ziren urte hartan.
Noiz hasi zen Euskal Jaia egiten?
M.E.: Hasieran, Euskal Jaia Eguneko karpa Katalunia plazan jartzen zen, baina gero Txofrera pasa genuen. Gaur egun Katalunia plazan egiten da, berriz ere. Auzoko jende guztia ateratzen da kalera egun horretan, egun bereziena da. Betidanik egin izan den zerbait da, baina leku desberdinetan egiten joan gara. Izan ere, jai on batzuk egiteko arazo nagusia leku falta zen hasieratik.
Non egiten ziren kontzertuak hasieran?
T.A.: Lehen kontzertuak Txofre plazan egin ziren. Ordutegiengatik taldeari gelditzeko esaten genion, baina ezetz esaten zuten, beraiek ordainduko zutela isuna, ez zitzaiela axola.
M.E.: Gerora ondorioztatu genuen Txofre plaza berbenak egiteko egokiagoa zela, kontzertu handiekin oihartzun asko sortzen baitzen plaza honetan. Horregatik, Katalunia plazan obrak egin zirenetik (behintzat udalak espazio hori utzi zigun) han egiten dira jaiak eta auzoko gainontzeko ekitaldi guztiak.
Hasieran baimenik gabe egiten zenituzten jaiak?
M.E.: Paperak udalean zeuden, baina garai hartako zinegotziak, Patxi Belokik, ez zituen sinatzen. Hala ere, guk jaiak egiten genituen, eta udaltzaingoa etortzen zen barrakak ixtera. Orduan udaletxera joaten ginen eztabaidatzera, eta azkenean Belokik sinatzea lortzen genuen.
T.A.: Lehenengo urtean traka handi bat bota genuen, eta salaketak jarri zizkiguten bizilagunek. Mirari bat izan zen epaitegietan ez bukatzea [barreak].
M.E.: Soinurik gabeko jairik ez dago, eta zerbait izan nahi duen auzo batek jaiak behar ditu.
Zer egiten duzue orain jaietan?
M.E.: Gure adinarekin, xake taldearekin ibiltzen gara jaietan. Eli Argandoñarekin Txofre plazan jartzen ditugu jokatzeko mahaiak. Xake partidak bukatzen direnean, sari banaketa egiten dugu, eta Titok eta nik Elena Altunak egindako patata tortilla on batzuk eta edari batzuk ekartzen dizkiegu. Tortilla usaintzen dutenean, zuzenean etortzen dira gazteak.
T.A.: Etorkizuneko jenioei jaten eta edaten ematen diegu [barreak].
M.E.: Mus txapelketa ere guk antolatzen dugu. Garai batean Pagadi tabernan egiten genuen, baina orain Ricardo tabernan egiten dugu. Izan ere, jabeak sariekin laguntzen du, eta asko lagundu gaitu.
Jaietan ere egoten zarete?
T.A.: Ez gara gazteak ginenean bezain beste egoten, gorputzak ez digulako uzten. Baina edozer gauzatan laguntzen saiatzen gara.
M.E.: Trago batzuk ere hartzen ditugu. Nire kuadrillarekin gehien egoten naizen lekuan Euskal Jaian da. Betidanik ezagutzen garen batzuk elkartzen gara, eta marmitako lehiaketan bazkaltzen dugu. Gure bikotekideei belarritako batzuk erosten dizkiegu urtero artisauen postuetan, oparitxo bat egin behar zaie! Horren ondoren, kopa batzuk edaten ditugu eta parranda pixka bat egiten dugu. Nik uste dut egun hori auzokoentzat dela, jaietako lanak ondo egin ondoren erlaxatzeko. Azken egun hori beti jaietako hoberena izan da niretzat.
Grosekoak zarete betidanik?
M.E.: Betidanik gara Grosekoak, bai.
T.A.: Jaietako lehenengo urtean erabaki genuen ez ginela ‘Groseroak’, ‘Grosenseak’ baizik, eta ‘Grosense’ jartzen zuen zapi bat eraman behar genuen. Gainera, ‘grosero’ esateak zikina zarela ematen du gaztelaniaz, eta ni ez naiz batere zikina, egunero dutxatzen naiz eta!
Nola ikusten dituzue jaiak gaur egun?
M.E.: Etorkizuna dute. Hasieran ez zen giro asko egoten. Txupinazora, esaterako, ez zen jende asko etortzen, eta gaur egun betetzen da. Horrek esan nahi du jaiek bere lekua egin dutela auzoan.
T.A.: Bitxikeria bat kontatuko dut. Iaz haur bat ikusi nuen bere gurasoekin Ipotx tabernaren inguruan, txaranga jarraitzen. Jaietako pegatina erori zitzaion, eta ezin izan zuen berreskuratu. Umeak pegatina nahi zuela ikusita, Ricardo tabernara joan nintzen, sei pegatina hartu nituen eta haurrari eman nizkion. Zipotzen irudia maite zuela ikusten zen bere begietan, eta liluratuta utzi ninduen.
Nola ikusten duzue Gros auzoa?
M.E.: Asko aldatu da. Jende asko ibiltzen da auzotik, eta giro ona egoten da. Gainera, jarduera ugari antolatzen dira Grosen, beti dago zerbait.
T.A.: Neska gazteek indar asko ekarri zuten, aire freskoa ekarri zuten; gauzak egiteko modu berri bat. Hasieratik ikusi genuen belaunaldi berri bat zetorrela. Behin baino gehiagotan gertatu zaigu dena bertan behera uzteko gogoa izatea, hainbat zailtasunei aurre egin behar izan diegulako, baina gero denon indarrez aurrera egiten genuen, eta neska horien etorrerak hori indartu zuen.