Donostiako turismo ugariko zonaldea Parte Zaharrera mugatu dute
Ostiralean Eusko Jaurlaritzak argitaratutako adierazpenaren arabera, Zurriola pasealekua turismo ugariko zonaldetik kanpo gelditu da oraingoan, beraz, hango saltokiek jada ez dute ordutegi askatasunik izango jaiegunetan. Izan ere, turismo ugariko zonaldeko tamaina guztietako saltokiek ordutegi askatasuna dute igande eta jaiegunetan. Atzo jarri zen indarrean mugaketa berria, eta San Joan kaleko alde bakoititik kairainoko zonaldea hartzen du, Bulebarreko alde bikoitia eta Urgull mendia aintzat hartuz eta Bretxako merkataritza-gunea eta Zurriola pasealekua kanpoan utziz.
Jaurlaritzaren adierazpen berri honekin 2015eko mugaketara itzuli da turismo ugariko zonaldea. Izan ere, 2016an, Ernesto Gasco Merkataritza zinegotzia zela, Parte Zahar osora (Bretxako merkataritza-gunea) eta Zurriola pasealekura zabaltzea erabaki zuen. Mugaketa berri hori ez zen ongietorria izan sindikatuen artean, eta EH Bilduren eta Irabaziren udal taldeek turismo ugariko zonaldea birpentsatzeko eskatu zioten udal gobernuari.