Kalitatezko sukaldaritza eta giro ona izan dira nagusi Grosen
Euskal Jai egunarekin eman diete amaiera aurtengo Zipotz jaiei, eta giro aparta egon da goiz osoan Groseko Katalunia plazan. Ohiko marmitako lehiaketa arrakastatsuaz gain, tortilla lehiaketaz, sagardo dastaketaz, herri kiroletaz eta kantu jiraz gozatu ahal izan dute bertaratu diren auzotarrek.
Giro ona eta usain hobea izan dira nagusi marmitakoak prestatzen ari ziren bitartean, 11:00etatik 14:00etara. Azkenean, hamaika marmitako dastatu dituzte epaileek, zein baino zein onagoa. Epaimahaiko kideek “maila handia” egon dela nabarmendu dute, baina Txomin eta David bikotearen marmitakoa izan da azkenean gailendu dena.