Ostegunean Donostian izandako sexu eraso bat gaitzetsi du udalak
Aste honetako ostegunean Donostian emakume batek sexu eraso bat Ertzaintzaren aurrean salatu zuela jakinarazi du udalak, eta “irmotasunez” gaitzesten duela eraso hori. Azaldu dutenez, ostegun gauean izan zen erasoa, Antiguako Ertzaintzaren komisaldegitik gertu. “Babesa eta elkartasuna” adierazi dio udalak erasoa jasan zuen emakumeari, eta “berdintasunaren alde” lan egiten jarraitzeko beharra azpimarratu du. Horretaz gain, sexu erasoa gaitzesteko elkarretaratzea egingo du udalak bihar, astelehenean, 12:00etan Alderdi Ederren. Jarraian, udalaren adierazpen osoa:
Aste honetan Donostian izan den sexu eraso salaketaren aurrean, udalak honako hau adierazten du:
1.- Udalak erabateko irmotasunez gaitzesten du gure bizilagunak jasandako erasoa. Gure hirian gertatutako indarkeria matxistak eragindako beste gertaera bat izan da.
2.- Babesa eta elkartasuna adierazi nahi dio eraso tamalgarri honen biktimari, bai eta bere familia eta hurbileko ingurukoei ere. Udalak biktimari eskainiko dio udalaren arreta zerbitzuen, eta babes juridiko, soziala eta psikologikoa, eta behar duen laguntza guztia.
3.- Mota honetako erasoak gure gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren adierazpenik higuingarrienak dira eta udalak guztiz gaitzesten ditu. Ezinbestekoa da lanean jarraitzea, gizartea eta hiriko giza eragileekin batera, balioetan oinarritutako heziketaren eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde. Beharrezkoa da, halaber, azpimarratzea horrelako jarrerak eragiten dituzten faktoreetan egunez egun esku hartzen jarraitu behar dela.
4.- Udal Korporazioak gaitzespena adierazteko elkarretaratzea egingo du, bihar, astelehenean, 12:00tan Alderdi Ederren.