45.000 artxiboko argazki dohaintza San Telmori
Antton Elizegi Beloki (Lasarte-Oria, 1938) argazkilariak 45.000 irudi baino gehiagoko funtsa eman dio dohaintzan San Telmo Museoari. 1961etik 2013ra bitartean ateratako argazkiak dira eta diapositibak, negatiboak, liburuen maketak eta koadernoak ere biltzen ditu artxiboak.
Elizegi 1954 inguruan hasi zen argazkilari jardunean, Andoaingo Laborde Hnos. enpresan. Ordutik ibilbide oparoa izan du, batez ere paisaiari lotutako irudien bidetik. Natura eta arkitektura izan ditu erretratu gai eta arlo etnografikoan ere sakondu du. Bestalde, artista garaikideen lanen irudiak eta beraien erretratuak ere aurki daitezke Elizegiren argazkien artean.
San Telmo Museoak Elizegiren eskuzabaltasuna eskertu du, dohaintzaren garrantzia azpimarratzeaz batera. “Argazki lanen kalitateak artxibo horiek argazkigintzaren historiarako oso material interesgarri bihurtzen ditu, eta azpimarragarria da bertan jasotako paisaietan azaltzen diren landa irudiek edota erretratuek euskal gizartearen eta bere irudikapenaren ikerketarako artxibo gisa duen berebiziko interesa”, gaineratu dute.
Museoak adierazi duenez dohaintzan jasotako funtsa erregistratu eta katalogatu egingo dute gizarteratu aurretik. Izan ere, 2020an bilduma honen inguruko erakusketa antolatuko dute, Maria Jose Aranzasti arte historialaria izango duena komisario. Era berean, bilduma digitalizatu eta museoaren webgunearen bidez eta bildumen katalogoaren bidez zabalduko du.
Maria Jose Aranzastik dioenez, Elizegiren obra zuzenean dago lotuta naturarekin: ezkutuko paisaia pintoreskoak, zuhaitzen enborrak, adarrak, belar metak, biztanlerik gabeko baserriak eta abar baitira nagusi. Aranzastiren arabera Elizegiren lana atzera begirako poetika gisa definitu daiteke. Halaber, kultur ondarearen gorazarre egiten du bere lanean, irudiek azken hamarkadetako aldaketa handiak jasotzen baitituzte.