Dbuseko autobusen erabilera igo da 2019ko lehen seihilekoan

Dbusen erabilerak gora egin du, eta ekainaren 30ean egindako kontaketan, 29.311.304 bidaia erregistratu zituzten azken hamabi hilabeteetan. Donostiako autobusek inoiz izan duten erabilera altuena da, orain arteko erabilerarik altuena 2011koa baitzen, 29.297.317 bidaiarekin. Iaz baino 653.165 bidaia gehiago erregistratu dira aurten, %2,3 gehiago, alegia.
28-Amara-Ospitaleak linea izan da erabiliena, 13-Altza eta 5-Benta Berri lineen aurretik. Bestalde, 2019ko lehen seihilekoan urtarrilaren 31 izan zen autobusa gehien erabili zen eguna (101.039 bidaia), eta maiatzaren 3ak, Realak Betisen aurka jokatu zuen egunak, jarraitzen dio (99.022 bidaia). Aipatzekoa da San Sebastian bezperan, urtarrilaren 19an, 88.573 bidaia erregistratu zituztela, hau da, ohiko larunbat batean baino 25.000 bidaia gehiago.
18 metroko autobusak
Bidaia kopuruetaz gain, datozen egunetan hasiko duen lizitazio prozesu baten berri ere eman du Dbusek. 2020-2022 aldian 18 metroko hamar autobus artikulatu erosteko prozesua izango da, eta adjudikazioa datorren urteko lehen seihilekoan egin ahal izatea espero dute. Hori hala izango balitz, 2020ko bigarren seihilekoan hiru autobus jasotzea aurreikusten du Dbusek, 2021ean beste lau autobus eta 2022an beste hiru.