Eneko Goiak pentsiodunei emandako hitza ez duela bete dio EH Bilduk
EH Bilduk agerraldia egin du gaur, Alderdi Ederreko Pentsiodunen Batzordeak egindako eskaerei udal gobernuak erantzunik eman ez diela ohartarazeko. Asteazkeneko udalbatzarrean EH Bilduk udal gobernuari eta gainerako udal taldeei eskatuko diete pentsiodunen bizi baldintzak hobetzeko “konpromiso irmoa har dezatela”, adierazi du Olaia Duarte zinegotziak.
Apirilaren 29an erregistratu zuten idatzia udaletxean pentsiodunek, eta iazko iraileko zein abenduko udalbatzarretan onarturiko kontrol mozioetan jasotako neurriak betetzeko eskatu dute. Hala nola, diru-sarrera urriak dituzten pentsiodunentzako komunikazio kanpaina bat egitea zein laguntza ekonomiko dagozkien jakinarazteko, hiriko zahar egoitzetan saio bat egitea udal gizarte zerbitzuetan eskatu daitezkeen laguntzen inguruan, eta pobrezia egoeran aurki daitezkeen emakume pentsiodunei buruzko ikerlan bat egitea.
Duartek azpimarratu du urtetik urtera gero eta emakume pentsiodun gehiagok behar dituztela udaleko diru laguntzak oinarrizko gastuei aurre egin ahal izateko. “Pentsiodunek egindako eskaerak ikusita, diru laguntzak behar dituzten pentsiodun donostiarrak gero eta gehiago dira urtetik urtera. Batez ere, 65 urtetik gorako emakumezkoak dira diru laguntza hauek beharrezkoak dituztenak, oinarrizko gastuei aurre egin ahal izateko, eta urtetik urtera haien kopurua gora doa”.
Laguntzak behar dituzten pentsiodunen kopurua gora doala gaineratu du Duartek, eta onuradunen %80 emakumezkoak direla. “Hau da, urtetik urtera, gure hirian gero eta emakume pentsiodun gehiago pobrezian erortzen ari dira”.