Kote Cabezudori sikario bat kontratatu izana leporatzen zion salaketa artxibatu dute
Mario Diez Fernandez emakume erasotuen abokatuak Kote Cabezudori jarritako salaketa artxibatu du Donostiako epaitegi batek, hilketarako azpijoko deliturako froga nahikorik ez dagoela argudiatuz. Iazko azaroan jarri zuen Diezek salaketa Espainiako poliziaren eskuetan, Martuteneko kartzelako bi presoren konbertsazio baten grabazioa sare sozialetan zabaldu ondoren. Audio horren arabera, Cabezudok sikario batekin hitz egin zuen abokatua erailtzeko. 21 emakumek salatu dute Cabezudo, eta horietako 16ren abokatua da Diez.
Martuteneko kartzelan dago Cabezudo iazko maiatzaren 4tik, eta instrukzio fasea amaituta, epaiketa udaberrian abiatuko dute, joan den astean Diezek azaldu zuenaren arabera. Donostiako 4. Instrukzio Epaitegiko Julian Garcia Marcos epaileak 47 delitu egotzen dizkio argazkilari donostiarrari, horietako lau askatasun sexualaren aurkakoak. Gainontzekoak delituak honakoak dira: zortzi kasutan adingabeen galaraztea, hamahirutan intimitate urratzeak, hamazazpitan iruzurra eta bostetan osotasun moralaren kontrako delitua. Cabezudorentzat 300 urteko espetxe zigorra eskatzera iritsi daitezke, Diezen arabera.