Realeko hiru emakumek abestuko dute 'Artillero' jaien hasieran
Nahikari Garcia eta Nuria Mendoza futbolariak eta Maider Altuna hockey jokalaria izango dira Aste Nagusiko lehen protagonistak. Abuztuaren 10etik 17ra bitartean luzatuko da Donostiako Aste Nagusia, eta hiriko hainbat gune hartuko ditu.

Saguesen eginiko prentsaurrekoan egin dute aurkezpena, egitarauko berritasunak aurkeztu eta festak errespetuz eta elkarbizitzaz gozatzeko deia eginez. Abuztuaren 10etik 17ra bitartean luzatuko da Donostiako Aste Nagusia, eta hiriko hainbat gune hartuko ditu.
Aste Nagusiaren hasieran, Alderdi Ederren egin ohi den ekitaldian, Realeko Nahikari Garcia eta Nuria Mendoza futbolariak eta Maider Altuna hockey jokalaria izango dira protagonistak, beraiek kantatuko baitute ‘Artillero’. Jaietan errespetuz eta elkarbizitzaz bizi behar direla azpimarratu dute, eraso sexistak eta jaitean lekurik ez duten jarrerak arbuiatuz. Jaiak errespetuz eta modu sano batean ospatzeko aldarria egin dute. Aurkezpenaren ostean, ondoan jarrita zegoen porteria batean eraso sexistei gola sartu diete ekitaldian parte hartu dutenek.
Aste Nagusiaren prestaketan “B aldean” jarduten duten elkarte eta langileak ere aipatu dituzte: gastronomia elkarteak, eskolak, dantza taldeak… Era berean udalean ere “B aldean” lanean aritzen direnak ekarri dituzte gogora: suhiltzaileak, garbitzaileak, Donostia Festak lantaldekoak…
Ohiko ekitaldiez gain hainbat berrikuntza egongo dira aurtengo Aste Nagusian. Abuztuaren 10ean, kanoikadaren ondoren, 19:20etan, ‘Holi Party’ delakoa egingo dute Bulebarrean. Gazte Nagusi Festa eman diote izena ekitaldiari. Kamiseta zuri bat eta Baietzik gabe ezetza da leloa daramaten pinak banatuko dituzte. Parte-hartzaileek kolore ezberdinetako hautsak botako dituzte airera, Oihan Vega, Ainhoa Larrañaga eta Maria Redondo dinamizatzaileek gazteak dantzan jarriko dituztelarik. “Alkoholik eta erasorik gabeko festa” izango da.
Abuztuaren 14an Tosta ikuskizunaz gozatu ahal izango da. Kukai dantza taldeak eta Oreka TX musika taldeak eskainiko dute kontzertu-ikuskizuna, 23:30etan, Konstituzio Plazan.
Abuztuaren 15ean egun osoan zehar egingo dute Merkadabadillo bigarren eskuko azoka, Kursaaleko terrazan.
Aurten, noria Kontxako pasealekuan jarriko dute, abuztuaren 1etik irailaren 8a bitartean.