Ubikeko langileek elkarretaratzea egin dute grebak zazpi hilabete bete dituen egunean
Zazpi hilabete pasa dira Tabakalerako Ubik liburutegiko bitartekariek euren lan baldintzak hobetzeko greba abiatu zutenetik, eta egoera horrekin amaituko lukeen akordio baten beharra azpimarratzeko asmoz, elkarretaratzea egin dute gaur Egiako eraikinaren sarreran. Nahikoa da! Lan baldintza duinak orain! leloa zuen pankarta batekin egin dute agerraldia, EH Bildu eta Elkarrekin Podemoseko zinegotzien presentziarekin.
Langileek euren kontratuetan Esku-hartze Sozialeko hitzarmena aplikatu diezaietela eskatzen diote Sedena enpresa azpikontratatuari, baina epe honetan hainbat bilera izan dituzten arren, bi alderdien ez dute oraindik adostasunik lortu. Maddi Azpiazu ELA sindikatuko kideak adierazi duenez, ordea, azken hilabete eta erdian akordioaren bidean aurrerapausoak eman dira, eta langileak “Ubik donostiarrei zabaltzeko gogoz” daudela azpimarratu du.
“Gatazka honekin amaitu beharra dagoela ozen esateko elkartu gara gaur, zazpi hilabeteren ostean akordio baten beharra nabarmena delako”, azaldu du Azpiazuk. Bitartekariek, euren partetik, lan baldintzak hobetu arte borrokan jarraituko dutela berretsi dute.