Parte Zaharreko denda zaharrenetako batek ateak itxiko ditu
Deigarria da Semillas Elosegui dendaren kanpoaldean eskegita dagoen erremolatxa. Jendeak, ordea, azenarioaren edo arbiaren denda gisa ezagutzen du. 105 urteren ostean itxiko dute, jabearen erretiroa dela-eta.
Mendea bete eta bost urtera itxiko ditu ateak Parte Zaharreko Semillas Elosegui dendak. 1914an zabaldu zuen Jose Maria Elosegik, Puyuelo kalean (orain Fermin Calbeton). Ordutik dirau dendaren gaineko pisutik zintzilik dagoen metalezko erremolatxak. Erakusleihoan dauka jarrita Jose Mariaren biloba Juan Sebastian Elosegik zinkezko erremolatxaren faktura, 1914koa. Bretxara zetozen baserritarrei denda non zegoen erakusteko jarri omen zuten, garai hartan Parte Zaharreko kaleak oso antzekoak baitziren, orain nonahi ikus daitezkeen tabernen kartelik gabe. Ganadua elikatzeko bazka-arbiak eta bazka-erremolatxak erabiltzen ziren orduan, hortik erremolatxa.
Asko aldatu da denda ehun urte pasatxoan; auzoa, baserritarrak, bezeroak aldatzen joan diren beste. Dagoeneko zelai gutxi dagoela dio Juan Sebastianek, baserritarrek abere gutxi dituztela oro har eta soroetarako hazi gutxi saltzen dituela orain. Ordea, dagoeneko hotz handirik egiten ez duenez zomorroak ugaritu dira. Txikia zenean Donostiako parkeetako putzu izoztuetan saltoka ibiltzen zela gogoratu du, eta aspaldian ez duela halako hotzik egiten. Hotz garbitzaile horren faltan, beraz, landareetan hazten diren plagen eta zomorroen aurkako produktuak saltzen aritzen da orain, lehen baino askoz ere gehiago. Era berean, nekazarientzako eta abeltzainentzako produktuekin beharrean, baratza txikiak dituztenentzat eta etxeetako terrazetan eta balkoietan jartzen diren landareekin egiten du negozioa.
Lekaleak saltzen ere jarraitzen du, betiko banatzaileek ekarritakoa, betiko zakuetan. Urrun geratu dira ardoetarako eta pattarretarako lizentziapean haziez eta jangarriez gain bakailaoa eta oliba-olioa saltzen zituztenekoak. Hala eta guztiz ere, Gipuzkoa guztitik joaten zaio jendea dendara, ezaugarritzen duen erremolatxa dagoeneko Bretxatik apenas ikusten ez den arren.
Auzoa asko aldatu da, baina dena aldatzen den bezala, Juan Sebastianen aburuz. Bezeroak bai, asko aldatu dira baina denda ere beraiekin aldatu da eta denboran iraun du, Parte Zaharreko negozio askok baino luzaroagoan. Taberna ia guztiek lehenagotik diraute bertan, hala ere. Galdu direnak beste batzuk dira: zapata-konpontzaileak, auzoko dendak…
Dendan lanean aritu den hirugarren belaunaldia da Juan Sebastianena, bere aitona izan zen 1914an Mocoroa hazi-dendako lana utzi eta bere hazi-denda propioa zabaldu zuena. Abenduan erretiratuko da Juan Sebastian eta Semillas Eloseguik betiko itxiko ditu ateak. Bere lekuan ere jarriko dute zerbait.